Dexente kostatako finala irabazi zuten atzo Jon Leonet eta Oier Garcia pelotari hernaniarrek. Udaberri Torneoko finala jokatu zuten Setien eta Otaegi Andoaingo Gazteleku taldeko bikotearen aurka eta 22-16 irabazi eta gero, bigarren mailako txapeldun dira jubeniletan.
Nerbioek eraginda, partiduan sartzea kosta zitzaiola azaldu dio Oier Garcia atzelariak Hernaniko Kronikari, baina partidu erditik aurrera lasaiago eta hobeto aritu zela. Eta hori nabaritu zen. Hernaniarrak galtzen hasi ziren eta 13garren tantora arte atzetik ibili ziren. Baina 13na berdindu zutenean, gehiago zirela erakutsi zioten Andoaingo bikoteari eta partiduari buelta ematea lortu zuten. Azkenean, kostata, baina 22-16 irabazi zuten. Jon Leonet aurrelaria fin aritu zen partidu osoan. Udaberri Torneoa Leonetek eta Garciak irabazi duten lehenengo txapelketa da.
Lehenengo mailan,
hirutik bi bikote finalera
Joan berri den asteburuan, atzoko finalaz gain, hiru semifinal jokatu dituzte pelotari hernaniarrek Udaberri Torneoaren barruan. Hirurak lehenengo mailakoak izan dira eta hirutik bi bikotek lortu dute finalera pasatzea. Alde batetik, Iñaki Esnal eta Ioritz San Sebastian dira finalistak, seniorretan, Arribillaga eta Arrizabalagari sekulako egurra emanda. 22-3 irabazi zieten. Bestetik, Eneko Lujanbio eta Aritz Murgiondo pasa dira finalera, jubeniletan, Txurruka eta Lantzi ere erraz irabazita: 22-6. Julen Etxenike eta Jon Etxegoienek ez zuten lortu finalera pasatzea, jubeniletan. 9-22 galdu zuten Azketa eta Atxaren aurka.
Hernaniko
paletariak txukun,
Gipuzkoako Txapelketan
Hernaniko paletariak Gipuzkoako Txapelketa ari dira jokatzen trinketean eta emaitza txukunak lortu dituzte asteburuan: jubeniletan, Irazustabarrena-Ugaldek 30-29 irabazi zuten Loiola-Moronen aurka; eta Aierbe-Semper eta Goikoetxea-Pagolak 26-30 egin zuten. Seniorretan, bigarren mailan, Tijero-Gutierrezek 30-27 irabazi zuten Redondo-Etxaberen aurka eta lehenego mailan, Perez-Mancisidorrek 17-30 galdu zuten Garmendia-Mendizabalen aurka.