Tolarea Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradiak, atzotik lau kofrade berri ditu sagardoaren alde lan egiteko prest. Eta ez nolanahiko kofradeak. Bertsolaritza eta gastronomia ondo ezagutzen duten kofradeak dira eta bi arlo horiek sagardoarekin duten lotura ezagututa, ziur behar bezala babestuko dutela sagardoa. Hain zuzen, Antton Garin Olegario eta Julian Ezeiza Aterpe bertsolari hernaniarrak, Elena Arzak sukaldari donostiarra eta Joxe Mari Gorrotxategi gozogile tolosarra izendatu zituzten Ohorezko Kofrade.
Laurek ilusioz hartu zuten zeregin berria eta zin egin zuten beti defendatuko dutela sagardoa. Eskerrak eman zituzten «halako egun eta festa ederragatik».
Bertso eta guzti
Elena Arzak izendatu zuten kofrade berri lehenengo, eta halaxe eman zituen eskerrak:«Nire aita ere izendatu zuten kofrade bere garaian eta biok sekulako poza hartzen dugu, sagardoaren defendatzaile haundiak garelako, bertako produktu guztiena bezalaxe». Gorrotxategik sagardoaren generaziokoa dela azaldu zuen eta asko estimatzen duela berau: «8 urterekin hasi nintzen sagardoa edaten eta pentsa, 82 urtetara iritsi naiz!», esan zuen broma artean. Aterpek ezin izan zuen ekitaldira joan eta bere ordez Mikel Armendariz senideak egin zuen zin.
Garinek, emozionatuta, bertsotan eskertu zuen (Habanera doinuan): «Txorian abestiakin, jeikia naiz gaur goizian, mendia bueltat eman det, andriarekin batian, pentsatzen ze festa edarra, gaur izango da Hernanian, hementxe alkartu gera, bai Jonen esanian, lauok poztuta gaude-ta, ia malko bat begian, hori gertatzen da kofrade, lauroi gaur izendatzian, ai ze festa edarra degu, sagardoan izenian, egun hau ez degu ahaztuko, bizi geran bitartian».
Ekitaldia bukatzeko, Ozenki abesbatzak 4 abesti eskaini zituen, tartean, ACT Ligako himnoa. Urtero bezala, atzokoan ere, Euskal Herritik eta kanpotik 20 bat kofradia etorri ziren Hernanira Tolarearen XVI. Kapitulura eta ekitaldiaren ondoren, guztiak Larre-Gain sagardotegira joan ziren bazkaltzera.