Euskal Herriko eta kanpoko Kofradia ezagunenak etorriko dira gaur Hernanira, Ohorezko lau kofrade berri izendatuko baitituzte Biterin. Hernaniko Tolare Sagardoaren Kofradiak antolatu du ekitaldia, 16garren aldiz, eta gaur sagardoaren alde zin egingo dutenak hauek dira: Elena Arzak sukaldaria, Joxe Mari Gorrotxategi gozogilea, eta Julian Ezeiza Aterpe eta Antton Garin Olegario bertsolariak.
Lau pertsonaiak ezagunak dira, herrian edo herritik kanpora egin duten lanarengatik. Gaur zin egingo dute sagardoaren alde, eta hemendik aurrera, sagardoa defendatu beharko dute, joaten diren leku guztietan. Elena Arzak ezaguna da Arzak jatetxean lan egiten duelako, Juan Mari aitarekin. Gorrotxategi gozodendako txokolatea, turroiak, xaxuak, tejak eta zigarriloak ere zeinek ez ditu probatu. Garin eta Aterpe ere ondo ezagunak dira herrian, eta bertsoaren alde egin duten lanarengatik jasoko dute gaur saria.
EGITARAUA:
11:00 Harrera. Gonbidatutako Kofradiei hamaiketakoa Xalapartan.
12:15 Desfilea kalean.
Ohorezko Kofradeak, kanpoko Kofradiak eta Musika Banda.
13:00 Tolare Kofradiaren XVI. Kapitulua:
-Ohorezko Aurreskua
-Ohorezko Kofradeak Izendatu
-Musika Bandari plaka emango
zaio, 150 urte bete dituelako.
-Ozenki abesbatza.
14:30 Bazkaria Larre Gain sagardotegian.
ELENA ARZAK
Suitzatik Europara, Europatik Arzakera
Elena Arzak ez da ezaguna abizenagatik bakarrik. 2000 urtean izendatu zuten Etorkizuneko Chef-a. Juan Mari Arzak sukaldariaren alaba da, eta Arzak jatetxean lan egiten du aitarekin. Lehenago, ordea, bide luzea egin zuen Europan barrena, eta urte asko han pasa ondoren etorri zen berriz Euskal Herrira.
Donostian jaio zen Arzak, 1969an. Suitzan, Luzernako ostalaritza eskolan ikasi zuen, eta handik Europako beste herrialde batzuetara joan zen. Europako sukalde entzunenetan lan egin zuen 6 urte luzez, eta han ikasitakoa praktikan jartzera etorri zen etxera, berriz ere.
Aitarekin lan egiten du gaur egun, eta biek daramakite Arzak jatetxeko martxa. Elena Arzak postrearekin lotu izan du jendeak beti, baina berak dioenez denetik egiten du, eta espezialitate bat izatekotan, arraietan da espezialista. Arzak jatetxean sukaldari heldu eta gazteak ari dira lanean, eta denek aportatzen omen dute asko; familia haundi bat osatzen omen dute.
JOXE MARI GORROTXATEGI
Kuriositaterik galtzen ez duen gozogilea
82 urte ditu Joxe Mari Gorrotxategi tolosarrak, eta gozogintzan urte askoan lan egin badu ere, kuriositaterik ez du galdu gozo berriak egiteko. Aita konfiteroa izaki, mundua ondo ezagutzen du txikitatik Gorrotxategik, eta handik hasita, gozogintza ikasketak egin zituen Iruñean, Katalunian, Alemanian, Frantzian... geroztik, pauso asko eman ditu eta bide luzea egin du, eta hainbatek eta hainbatek gozatu ahal izan du hark utzitako emaitza gozoa.
Ezagunak dira Gorrotxategireneko txokolatea, turroiak, xaxuak, tejak, zigarriloak... asko izan dira jaso dituen sariak: 1967an Real Sociedad Bascongada de los Amigos del Paiseko ohorezko bazkide izendatu zuten. Busca Isusi saria ere jaso du. Felix Mocoroa Sarietako aipamen berezia. Eguski Lore Saria, Gastronomiaren Kofradiak emana. Frechilla Argazkigintza Saria ere jaso du orain gutxi.
Bidaiatzea, irakurtzea eta argazkigintza ere gustoko ditu, hori baita, gizon lasai hau definitzen duena: kuriositatea.