«Goi mailako triatletekin lehiatu naitekeela konturatu nintzen lehengo urtean»

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 20a, 01:00

Peru Alfaro hernaniarra ari da pixkanaka triatloiaren elitean ezagun egiten. Orain dela bi urte entrenatzailea aldatu, eta Madrilera joan zen bizitzera bere maila hobetzeko asmoz. Ordutik progresio izugarria izan du eta dagoeneko jasotzen hasi da azken urteetan egindako lanaren fruitua. Iaz, denboraldi bikaina borobiltzeko, Espainiako Txapelketa irabazi zuen, distantzia luzean, izen haundiko hainbat triatleta estu hartuta. Aurredenboraldian murgilduta, etorkizunerako planak azaldu dizkio Kronikari.

Benidormen zabiltza aurredenboraldiko kontzentrazio batean. Zer egiten duzue ‘Stage’ hauetan?
Oraingo hau hirugarrena da. Urtarrilean hemen izan nin­tzen, Benidormen; gero, otsailean, Lanzarotera joan ginen, eta orain, martxoan, berriz ere Benidormera etorri gara, denboraldi berria prestatzera. Egun osoan entrenatzen ari­tzen gara. 10 egun irauten duten stage hauetan, entrenatu, jan eta lo besterik ez dugu egiten. Batez ere bizikleta eta triatloiko beste disziplinak lantzen ditugu.

Nolakoak dira triatleta baten aurredenboraldiak? Garai honetan izaten da lan kargarik haundiena?
Bai, lan kargarik haundiena orain izaten dugu. Hala ere, ez da garai bakarra; distan­tzia luzeko triatloietan ere, lasterketa garrantzitsuak hurbiltzen direnean, lan bolumen haundiak sar­tzen ditugu, beti ere, konpetiziorako ahal bezain beste prestatzeko. Aurredenboraldian kilometro asko egiten ditugu, konpetizioan baino erritmo man­tsoagoan, eta bereziki bizikletan egiten ditugu kilometro horiek. Horretarako aproposak izaten dira aipatutako stageak, eguraldi hobearen bila joaten gara beste toki batzuetara, hobeto entrenatu ahal izateko.

Lasterketak urruti egonda, ­gogorragoa al da hainbeste entrenatzea?
Bai, gogorragoa izaten da, kirolariak beti behar duelako konpetizioa. Hala ere, badakigu nolakoak diren aurredenboraldiak, eta buruan izaten dugu ahalik eta ondoen entrena­tzea, lasterketak iristen direnean ondo prestatuta egoteko.

Azken urteetan bizimodua eta entrenatzeko modua asko aldatu dituzu: Madrilera joan zinen bizitzera eta entrenatzailea aldatu duzu. Nabaritu duzu hobekuntzarik?
2009ko urrian joan nintzen Madrilera eta orduan hasi nintzen entrenatzaile berriarekin, Ciro Tobarrekin. Ho­bekuntza, bai, nabaritu dut. Hara joan nintzenean 3 urte neramazkin triatloiaren munduan eta nahiko berde nengoen. Entrenamenduetan nabaritu dut hobekuntza, ba­tez ere. Madrilen daramazkidan urte hauek balio izan didate triatloia serioago hartzeko eta kirol honetara ia mo­du esklusiboan dedikatzeko.

Aurtengo denboraldirako zein helburu dituzu?
Helburu nagusia, abuztuan Finlandian jokatuko den Europako txapelketa izango da. Karrera polita egitea espero dut, azaroan Las Vegasen izango den munduko txapelketarako txartela lortzeko. Epe luzean, begiz jota dut distantzia luzeko 2012ko munduko txapelketa. Izan ere, txapelketa hori Gasteizen jokatuko da, eta Munduko txapelketa etxean jokatzea…

Triatleta askok, dagoeneko, 2012ko joko olinpikoetan dute burua.
Nik beste bide bat hartu dut, distantzia olinpikoan ibili beharrean, distantzia luzean zentratzea erabaki nuen. Estatutik hiru triatleta joan daitezke joko olinpikoetara eta horietatik 2 ia- ia sailkatuta daude dagoeneko. Hiru­garren txartel hori lortzea oso zaila da, eta nire indarrak distantzia luzean zentratzea erabaki nuen.

Eneko Llanosek, Euskal Herrian erreferentea den triatleta batek, elkarrizketa batean adierazi zuen iaz kalitatezko saltoa eman zenuela, eta askoz hobeto konpetitzen ari zinela. Datozen urteetan kontuan hartzeko atleta izango zinela ere esan zuen. Zuk ere horrela pentsatzen duzu?
Lehengo urtean Munduko, Europako eta Espainiako txapelketetan ondo ibili nintzen, eta ikusi nuen Enekorekin edo beste goi mailako triatletekin ibili naitekeela lasterketen aurrekaldean. Uste dut urtero hobetzen joan naizela, eta aurten ere iaz baino hobeto ibiliko naizela. Aurrera begira gehien motibatzen nauena da hobetzen jarrai­tzen dudala.

Iaz zenbait arazo izan zenituen deskalifikazioekin. Zer gertatu zen? Europako Txapelketan gertatu zitzaidan hori, Gasteizen. 100garren kilometro inguruan txartela erakutsi zidaten epaileek (penalizazioa), eta horrek esan nahi du 4 bat minutuz gelditu behar nuela. Ez nintzen gelditu eta horren ondorioz deskalifikatu egin ninduten.

Gasteizen, halere, ondo ibili zinen eta ez bazintuzten deskalifikatu, sailkapen ona lortuko zenuen.
Ez nekien zer nolako erantzuna izango nuen, lehenengo aldia zelako niretzat distantzia horretan. Helburu zehatzik ez nuen, disfrutatzea bakarrik, eta ahal nuen heinean konpetitzea. Egun ona izan nuen, oso ondo konpetitu nuen eta aurrenekoen artean iritsi nintzen helmugara. Gustora aritu nintzen eta sorpresa ere izan zen niretzat lasterketa hain ondo egitea.

Munduko txapelketan ere estreinatu zinen.
Bai. Europako txapelketan egindako lan onaren on­dorioz Alemaniara joan nintzen Munduko Txapel­keta jokatzera. Han zorte txarra izan nuen, 15garren kilometroan bizikletako gurpila zulatu eta erretiratu egin behar izan nuen.

Urrian denboraldiari amaiera ezin hobea eman zenion. Ibizan, Espainiako Txapelketa irabazi zenuen. Espero al zenuen?
Asko entrenatu nuen eta oso ondo prestatuta iritsi nintzen Ibizako triatloiera, baina irabaztea beti izaten da zaila. Ahalik eta karrera hoberena egitea zen nire helburua. Egia esan, ez nuen espero irabaztea, baina bai lehenengo postuetan egotea; lasterketaren aurrealdean egon nintzen, irabaztea ere lortu nuen.

Noraino heldu zaitezkeela uste duzu?
Galdera zaila da. Iaz Europako txapelketan pa­per ona egin nuen, eta aurten antzekoa edo ho­bea egitea espero dut. Podiuma hor dago, eta ez dut baztertu nahi helburu gisa. Munduko Txapel­ketan 5-8garren postuetara ailegatu naitekeela uste dut. Lehen aipatu dudan 2012ko Gasteizko txapelketan podiuma lor­­tzea oso oso haundia izan­go litzateke. Ha­waiien, Iron­ma­nean lehia­tzea ere gustatuko litzaidake, eta ame­tsa lehenengo 10en artean sailkatzea da. Baina hori oraindik urruti dago eta pausuz pausu joan be­har da.

Espainiako Txapelketa irabazteak, eta triatloietan Bailyss bezalako atleta konsagratuengandik hurbil ibiltzeak indar gehiago ematen al dizu aurrera egiteko?
Bai. Azkenean, emaitza horiekin ikusten duzu egiten dituzun entrenamenduak eta sakrifizioak hobetzeko balio dizutela, eta horrek motibazio haundia ematen du. Noraino hel naitekeen ikusi nahi dut eta urtez urte hobetzen ari naizela ikusten dut. Ez dakit no­raino iritsiko naizen, baina oraingoz aurrera jarraituko dut.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!