Adibidez, Urbieta kalean, taxiek eta bizikletek bakarrik izango dute sartzeko aukera (Izpizuatik Biteri kalea bitartean), eta autobus geltokiak lekuz aldatuko dira. Aparkatzeko sistema aldatu egingo da erdigunean (Izpizua, Biteri eta Nafar kaleak), Zinkoeneatik trafiko gutxiago pasako da... eta 16 kale edo zonatan trafiko norabidea aldatu egingo da, besteak beste.
Hiru helburu nagusi
Bat: Trafikoa Hernani erdigunetik atera nahi da. Bi: espazio publikoa oinezkoari bueltatu nahi zaio, eta bizikleta eta garraio publikoa indartu nahi dira. Eta hiru: kutsadura murriztu nahi izan da herrigune edo bizitegi-guneetan (adibidez, Latsunbe eta Antziola auzoetan). Hori adierazi zuten, joan den astean, Marian Beitialarrangoia Alkateak eta Unai Erroitzenea Zerbitzu Publikoetako Zinegotziak.
Mugikortasun Iraunkorreko Plana orain onartu da, bi urteko bidea egin eta gero. 2009an idatzi zen, eta 2010eko otsaila eta martxoan herritarrei azaldu zitzaien. Ondoren alegazioak bildu, aztertu, eta aldaketak egiteko lana izan du Udalak.
Zinkoenean trafikoa murriztu
Udalak arazo zehatz batzuk ikusiak zituen, eta konponbidea eman nahi die Plan berriarekin. Batetik, Zinkoenea edo Agustinetako plazan trafikoa murriztu nahi izan da; eta bestetik, erraztu egin nahi da Hernani zahar edo historikoan, erdigunean, bertakoek aparkatu ahal izatea eta oinezko eta bizikletak batetik bestera ibiltzea.
Txantxilla, klabea izango da
Helburu horiek lortzeko, aldaketa dezente egingo ditu Udalak, eta hiru dira garrantzitsuenak: Bat: Txantxillako rotonda berria. Bi: Txantxillatik erdigunera egingo den bidea. Hiru: Floridako trenbide azpiko tunel berria. Hirugarren hori, Floridakoa, oraindik ez da egingo, baina beste biak berehala dira bukatuak. Beitialarrangoitiak adierazi zuenez, bi obra horiek egitea nahikoa da, herriko trafiko plana aldatzen hasteko. Txantxillako rotonda, beraz, Aste Santu ingururako bukatuko dute, eta hori izango da Hernaniko sarrera berria. Axalako sarrera zaharra, itxi egingo dute, eta Sandiusterri kalean aparkalekuak egingo dituzte.
16 aldaketa, trafikoan
Trafikoa erabat aldatuko du Plan berriak. Guztira, 16 kale edo zonaldetan aldaketak izango dira. Adibidez, Elkano kalean jaitsi egingo gara (orain arte igo); Izpizua kalean igo egingo gara (orain arte jaitsi); Urbieta kalea itxi egingo zaio trafiko pribatuari (Izpizua eta Biteri kalea bitartean), eta taxiek eta bizikletek bakarrik pasa ahal izango dute. Txirrita kalean jaitsi; Antziola-Marieluts biala Antziola aldera izango da... (ikusi koadroa, beste orrialdean).
Horrez gain, bidegorriak ugaritu egin dira, eta aparkamenduak aldatu ere bai, zenbait kaleetan.
Zona gorriak eta urdinak
Aparkatzeko zona bereziak jarriko dituzte herriko beste hiru kaletan: Biteri, Nafar kalea, eta Izpizua (lehengo Atzietakoak mantendu egingo dira, eta Elkanoko zona urdina kendu egingo da).
Zona gorria jarriko dute Biteri eta Nafar kaleetan, eta bertakoek bakarrik aparkatu ahal izango dute. Zona urdina jarriko dute, aldiz, Izpizua kale osoan; hor, ordubetez bakarrik aparkatu ahal izango da. Behin ordubete pasata, kotxea mugitu beharko da, eta beste hiru orduz ezingo da kale osoan aparkatu. Gauetan, zona urdina aldatu egingo da, eta nolabait esateko, gorri bihurtuko da; alegia, bertakoek bakarrik aparkatu ahal izango dute (xehetasun gehiago, ondoko orrialdean).
Mugikortasun Iraunkorra...
Mugikortasun Iraunkorrak funtsean, oreka bat bilatu nahi du jendearen eta trafikoaren joan-etorrien artean. Lanera eta aisialdira dijoaztenak ahalik eta errazena mugitzeko modua bilatu nahi du, eta, ingurumena errespetatu.
MOTX MOTXEAN
- Txantxilla: errotonda egingo dute.
- Txantxilla: rotondatik herri barrura bide berria egingo dute.
- Elkano: norabidez aldatuko dute. Urumea ikastolatik Atsegindegira.
- Txirrita: norabidez aldatuko dute. Atsegindegitik Zinkoeneara.
- Aristizabal: Atsegindegitik Txantxillara norabide bakarra.
- Iturregi: norabide bakarra izango du. Urumea ikastolatik Txantxillara.
- Nafar kalea: norabidez aldatuko dute. Izpizua aldera.
- Nafar kalea: bertakoek bakarrik aparkatu ahal izango dute (gorria).
- Biteri kalea: bertakoek bakarrik aparkatu ahal izango dute (gorria).
- Izpizua: norabidez aldatuko dute. Zinkoeneatik Urumea ikastolara.
- Izpizua: ordubetez bakarrik aparkatu ahal izango da (urdina). Gauez bertakoek bakarrik.
- Latsunbe: norabidez aldatuko dute zati batean. Elkano kaletik Argarain kalera joango gara (Autobusek beste aldera ere bai).
- Latsunbeberri: norabidez aldatuko dute. Latsunbetik Marieluts aldera.
- Ertzainetatik-Antziola biala: norabidez aldatuko dute. Antziola aldera.
- Antziola kalea: norabidez aldatuko dute. Antziolatik herri aldera.
- Montevideo: norabide bakarra izango du. Sagastialdetik Perkaiztegiko rotonda aldera.
- Florida: norabide bakarra izango du. Zinkoeneatik Lidl aldera.
- Florida: rotonda berria egingo dute, San Jose parroki aurrean.