«Genero asko izan dugu beti, eta genero ona. Oinetakoa asko aldatu dugu; saldu ahala, ekarri. Bezero fidelak, leialak ditu Urratsek gaur egun, eta horiei eskerrak aurrera segitzeko moduan gara». Gaur egun, jende heldua sartzen da gehien Urratsera, Iñaki Imaz nagusiak dioenez. Erosteko ohiturak asko aldatu dira, eta gazteek kanpora joan nahiago omen dute, han aukera haundiagoa daukatelako. «Guk ezin dugu prezioan konpetitu, eta barietatean ere ez. Baina eskaini dezakegu aukera txukun eta on bat, eta etxetik gertu. Gure bezeroak badaki, Urratsetik, gutxi edo gehiago, berak nahi duenarekin aterako dela».
Esperientziaz hitz egiten du Iñaki Imazek, merkatua ondo ezagutzen duen dendariak bezala. Eta ez da gutxiagorako, 25 urte baitaramazki oinetakoak saltzen, Urrats dendan. 1986an ireki zuen. Tornuan aritzen zen ordura arte, eta lanik gabe geratu zenean, denda irekitzea pentsatu zuen. «Ez zen erabaki erraza izan. Mundu berria zen niretzat, eta inork ez zidan gomendatzen. -Moteil, moteil, ireki zak taberna bat! Esaten zidaten. Eta ez zuten arrazoi faltarik. Mundu zaila da hau; oso zaila. Neronek ere ez nioke inori gomendatuko orain. Hasi ginen behintzat, eta ikasi genuen pixkanaka».
Zailena, generoa erostea da dendari batentzat. «Sei hilabete lehenago erosi behar duzu genero guztia, eta %100 asmatzea ezinezkoa da. Neguko kanpaina bukatu, eta datorren negukoa erosi behar. Joaten zara oinetakoak begiratzera, eta zer ikusirik ez dute pasa berri den kanpainakoekin; dena diferentea! Asmatu ezazu ba, jendeak zer nahiko duen 6 hilabete beranduago! %30-40 failatzen da beti». Eta genero hori stock-ean geratzen da. Hori da dendarien buruhausterik haundienetakoa. «Genero horrek lekua okupatzen du, eta oso zaila da ateratzea. Beherapenak, stock azokak... hor saltzen da zerbait, baina asko ez. Horregatik, azken urteetan guk Saharara bidali dugu asko. Gutxienez, fabore bat egiten ari zara norbaiti».
Gutxiago saltzen da orain, garai batean baino. «Askoz gutxiago. Kontua da, erosi ere gutxiago egiten dugula. Arrisku gutxiago hartzen dugu, eta seguru salduko duguna ekartzen dugu, batez ere».
Klase guztietako oinetakoak saltzen ditu Urratsek. «Denetik daukagu, eta aukera zabal xamarra. Jendeari konfidantza ematen diogu, eta horretan Pellok ere sekulako garrantzia izan du. Pellok 24 urte daramazki nerekin lanean, eta oso dendari ona da. Asko balio du. Bezeroa tratatzen badaki, eta ezinbesteko laguna izan da negozio honetan».
Hernaniko dendariek elkarrekin tratu oso ona dutela dio Imazek, eta hori ezinbestekoa dela, herriko komertzioak aurrera egiteko. «Konpetentziarekin tratu ona daukagu. Produktu bera izanez gero, prezio berean jartzen ditugu, elkarrekin hitz egin... horrek horrela behar du, gurea bezalako herri batean, dendari txikiek aurrera egiteko. Guk behintzat segiko diogu pixka batean».