SANDIUSTERRIKO Dorretxea zahar-berritu du Victor Goikoetxea hernaniarrak. Bi pisuko edifizioa da, eta aurrantzean kultur etxea izango da. Santurtziko historiari begiratu dio Goikoetxeak, herriko bizibide izan diren hiru jarduera ekonomikori zehatzago esanda: nekazaritza, arrantza, eta meatzaritza. Hiru mural haundi, eta hainbat eta hainbat detaile egin ditu muralista hernaniarrak, pinturan oinarrituta, eta beste arte-estilo batzuk ere erabilita.
Gaur inauguratuko dute Santurtziko Dorretxe berritua. 12:00etan da inaugurazioa, eta ekitaldi irekia izango da, nahi duen guztiarentzat. Bertan izango dira Santurtziko herritarrak, arduradun politikoak, eta arte munduko hainbat eta hainbat gonbidatu.
Omenaldia, Santurtziko langileei
Victor Goikoetxeak egin duen lanik haundiena da Santurtzikoa. Hiru urte pasa ditu lan hau egiten, eta funtsean, Santurtziko langileei egindako errekonozimendu bat da; baserritar, arrantzale, eta mehatzariei. «Santurtzi egin dutenak beraiek izan baitira. Nekazaritza ia desagertuta dago, baina garai batean sekulako garrantzia izan zuen. Arrantzak eta mehatzaritzak oraintxe arte garrantzia izan dute, eta dute oraindik ere.
Santurtziarrek beren herria ikustea nahi nuen, Dorretxera sartzen direnean: beren herritarrak, familiakoak, edo beren burua ikustea, hain zuzen».
Goikoetxeak pintura figuratiboa erabili du batez ere, dorretxea zahar-berritzeko, baina bestelako teknikak ere sartu ditu, ia arte-lan osoan. «Materiari garrantzi haundia eman diot, testurari... barku eta baserri zaharretako egurrak, burni eta harri koloreak, argazki inpresioak...».