Badator Korrika 17, euskeraren aldeko jai erraldoia eta berau girotzeko, hastear da Korrika Kulturala Hernanin. Hain zuzen, lehenengo ekitaldia gaur bertan izango da: Sekula bai! kabaretan. Bertan bilduko dira musika, dantza, antzerkia eta zinea, guztia umore dosiz jantzita.
Itziar Lazkanoren zuzendaritzapean, Galder Perez, Eduardo Gabina, Lander Otaola, Mikel Losada eta Loli Astoreka aktore ezagunak komedia lanetan ikusteko aukera izango da. Koreografiaz Maitane Zalduegi arduratu da. Dibertitzea helburu duen obra honetako protagonistak langabezian dauden bost aktore dira, komendiante moduan han eta hemen dabiltzanak. Emanaldia 20:00etan izango da Biterin. Sarrerak ordubete lehenago jarriko dira salgai, 5 euroan.
Bertso-pelota, Astigarragan
Astigarragak ere gaur ekingo dio Korrika Kulturalari eta bertsoa eta pelota uztartuko dituen ekitaldia izango da, frontoian, 19:30etatik aurrera. Herriko eta Antiguoko bina pelotari elkarren aurka ariko dira eta Agin Rezola eta Aitor Mendiluze bertsolariak botilero lanetan.