Udalak Karabel auzoan bidegorri bat egokitu berri du, eta bidegorri horren bidez, herritik bizikletan mugitzeko aukera haunditu egin dela azpimarratu du. Bidegorri hori parkeko igogailuarekin eta beste bidegorriarekin lotuta dago, «eta ondorioz, bizilagunak segurtasun osoz ibili ahalko dira aurrerantzean bizikletan», gaineratu du.
Trafikoan aldaketak,
auzoaren egoera hobetzeko
Bidegorria martxan jartzearekin batera, trafikoan aldaketak egin ditu Udalak Karabelen, «auzoaren egoera hobetzeko». Egin diren aldaketek bi helburu nagusi dituztela azaldu du: «batetik, bizikleten eta ibilgailuen arteko elkarbizitza hobetzea eta joan-etorriak antolatzea, eta bestetik, ibilgailu astunak auzotik ez pasatzea».
Helburu horrekin, Karabel auzoko kale nagusia, hau da, Karabel kalea, norabide bakarrekoa izatea erabaki du Udalak. Hala azaldu du: «Kale horretatik kotxeak auzotik atera ahalko dira (Urumea ibairantz eta Portu auzorantz) eta auzora sartzeko, tren geltoki inguruan dagoen aparkaleku ondoko bidea hartu behar dute». Aldaketa honekin, ibilgailu astunen kasuan, bide seinaleen bidez lortu ez dena, praktikan lortu nahi du Udalak. «Kamioiek eta autobusek, Landare ingurura joateko, Ibaiondo industrialdeko sarrera erabili zezaten sainaleak jarri zituen Udalak, baina ibilgailu astun batzuek auzoa zeharkatzen jarraitu dute. Oraingo aldaketekin pentsatzekoa da kamioientzat eta autobusentzat erosoagoa izango dela Ibaiondo industrialdeko sarrera erabiltzea eta hala egingo dutela», azaldu du.
Horrez gain, nabarmendu du, aldaketa horiek oinezkoei eta bizikletei lehentasuna emateko, Udalaren politikaren baitan ulertu behar direla: «Udalak azken urteetan bidegorri sare garrantzitsua osatu du eta oinezkoentzat herri erosoa izateko zenbait neurri hartu ditu».