Gaurko hitzaldian, ‘Euskal Herriko mugimendu feminista. Kronika bat’ izenekoan, zer da zehazki azalduko duzuena?
Zaila da laburrean zehazki zer azalduko dugun azaltzea. Baina tira, azken 35 urteetan mugimendu feministak Euskal Herrian izandako ibilbidea kontatuko dugu, antolaketan eta aurrera eramandako borroketan zentratuz.
Mugimendu feminista, zer da hain zuzen?
Mugimendu feminista, feminismoa egunero borrokatzen dugunok osatzen dugun mugimendua da. Sistema patriarkalari hamaika modu ezberdinetan aurre egiten diogun pertsonon mugimendua. Gaur egun gainera, ez da talde zehatz batera mugatzen, espazio askotan gaude feministak eta guzti horiek osatzen dugu mugimendu feminista.
Noiz sortu zen eta zergatik? Zein helburu eta aldarrikapenekin?
Ipar Euskal Herrian jaio zen Euskal Herriko mugimendu feminista, 60garren hamarkadaren bukaeran. Estatu frantseseko mugimenduaren eraginez, eta bereziki, garai hartan Iparraldean zeuden mugimenduen bateratzearen ondorioz, talde asko sortu baitziren. Abortu eskubidearen aldekoak, planifikazio familiarrari lotutakoak, abertzaletasuna ere hizpide zuten feministak… Denak ezkerreko eta ikuspegi feminista batetik bildu ziren, mugimendu ezkertiarretan euren papera aitortua ez zutelako ikusten eta emakumeek, garai hartan zituzten arazoei aurre egitea zen kezka nagusia. Abortu eskubidean zentratu ziren. Esaterako, ez zuten utzi ikuspegi feminista txertatzen ikastolen mugimenduan, errepresioaren kontrako mugimenduan, eta zeuden ezkerreko mugimendu ugaritan. Hego-aldean ere ez, mugimenduak beste abiapuntu bat izan zuen arren. Gorputza eta sexualitatea izan ziren hasierako ardatz nagusiak.
Nola aldatu da urteotan? Aldarrikapenak asko aldatu al dira? Mugimenduaren antolaketa eredua eta konposizioa aldatu da. Hasieran talde haundiak eta nahiko homogeneoak zeuden, aldarrikapen guztiak barruan biltzen zituzten asanbladak adibidez. Urteen poderioz, kezka ezberdinen inguruan biltzen joan dira emakumeak, mugimendua heterogeneo bilakatu da eta antolatzeko modu eta lan egiteko moduetan asko berritu da. Gaur egun feminista asko gaude baina ez denak talde egituratu batean antolatuak, baizik eta kezka ezberdinen inguruan, taldeetan, blogetan, sarean… Aldarrikapenak aldatu dira, sakontze eta berritze prozesuak egon dira, baina oinarri oinarrian gauzak ez direnez horrenbeste aldatu, bizi bizirik diraute orain 30 urteko leloek.
Zer lortu da eta zer dago lortzeko? Aurrera begira, zeintzuk dira erronkak?
Erronka asko dauzka mugimendu feministak, bereziki emakumeak subjektu politikoetan eratzen jarraitzea eta berdintasun faltsuaren ofentsibari aurre egitea. Hala ere, eremu bakoitzeko erronka bat atera genezake.
Gainontzeko nazioekin konparatuta, nola dago Euskal Herrian mugimendu feminista?
Ez dugu nazioarteko mugimendua osorik ezagutzen eta zaila egiten zaigu konparaketa bat egitea. Dena den, 90garren urteetako gainbehera eta gero, mugimendu feministak Euskal Herrian gora egin duela baiezta dezakegu. Oso momentu interesgarrian gaude, indar oso politak batzen ari gara eta hori aporbetxatu behar dugu.
Zergatik animatuko zenituzkete herritarrak hitzaldira joateko?
Gure herriko memoria historikoa errekuperatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu eta horretan beti emakumeen historia eta mugimendu feministarena ahaztu egiten zaigu. Ezinbestekoa da gure genealogia osatzea gaur egun gure herrian zer gertatzen den ulertzeko eta etorkizuna eraikitzen jarraitzeko. Sekulako ekarpena egin dio mugimendu feministak euskal jendarteari eta hori ezagutzeak asko laguntzen duela uste dugu.