Udalak hasierako onarpena eman zion herenegun, araututako aparkaleku zerbitzuaren ordenantza berriari. Hori horrela, Kaxkoan aldaketak izango dira aparkatzeko lekuak eta aparkaldiak mugatzeari dagokionean. Izpizua kalea, esaterako, gune urdina izatera pasako da, hau da, gehienez, ordubetez aparkatzeko aukera izango da bertan. Astelehenetik larunbatera 08:00etatik 20:00etara izango da hori. Eta hiru ordu pasa arte, ezin izango da alde horretako gune bakar batean ere aparkatu. Nafar kalea eta Biteri kalea berriz, gune gorriak izango dira. Horrek esan nahi du, bertakoentzat bakarrik izango direla bertako aparkalekuak. Eta Kaxkotik gertuen dagoen Urbieta kalearen zatia, taxi eta bizikletentzat bakarrik izango da. Atzieta kaleak orain arte bezala jarraituko du. Gune urdina eta gorria izango ditu. Alkatearen kalitatezko botoarekin eman zitzaion hasierako onarpena ordenantzari. Gobernu Taldeak alde bozkatu zuen, Ezker Batua abstenitu egin zen eta gainerako alderdiek kontra bozkatu zuten. Behin betiko onarpena eman aurretik, ordenantza erakusketa publikoan dago 30 egunez.
Herriko guneak
oinezkoentzat izateko
Mugikortasun Planari lotuta onartuko du Udalak ordenantza. Planarekin herriko guneak oinezkoentzat berreskuratu nahi ditu eta bide horretan, neurri osagarri gisa hartzen du ordenantza, «bisitariek zein auzokoek bertan autoak aparkatu ahal izateko. Erdigunean ibilgailu asko dago eta leku gutxi. Hori dela eta, aparkatzeko lekua eta aparkaldia mugatzeko arauak finkatu behar dira araututako aparkaleku sistema baten bidez».