JO eta su ari dira hernaniarrak gaurko estropada prestatzen (16:45etatik aurrera, Loiolan), eta 6 batel joango dira Hernanitik bertara; 35 arraunlari, guztira. Gipuzkoako batelen liga bukatzear da, eta Aste Santura bitarte azken txanpa gogorra joko dute, talde guztiek.
Hernaniko batelak lan polita egiten ari dira; kadeteak hirugarren dira, 20 batelen artean, eta astero-astero ari dira beren maila erakusten. Gaur izango dute susto bat emateko aukera, eurek antolatzen duten estropadan.
Kadeteak, 15 kide eta 3 batel
Talde indartsua du Hernanik kadeteetan. 15 arraunlari ari dira astero Gipuzkoako onenen artean, eta 3 batelak postu ederrak egin dituzte. Batelik onena hirugarren dijoa sailkapenean, Gipuzkoako beste 20 batelen artean. Estropadarik ez dute irabazi, baina gero eta gertuago dabiltza lehen postuetatik. Joan den astean, esaterako, segundu gutxi batzuk behar izan zituzten aurrenekoa harrapatzeko. Gaur ere emango dute berea, eta sustoren bat ere hartu dezake norbaitek, Loiolako estropadan bete beharreko 1.000 metroak bukatzerako.
Hernaniko beste 3 batel, beste 3 kategoriatan
Beste hiru batel ere baditu Hernanik, hiru kategoriatan: infantiletan bat, eta seniorretan bi: mutilena eta neskena (neskena osatzeko infantil, jubenil eta seniorrak ari dira).
Infantiletan sailkapen erdialdean dabiltza hernaniarrak. Mutil indartsuak ditu Hernanik, eta bateletan txikiagoak hobeto moldatzen dira. Dena dela, estropada txukunak ari dira egiten, lehenengotik 20 segundu ingurura.
Senior mutiletan 6 arraunlari ari dira, txandan, eta batel bat ateratzen da asteburuero. Sailkapen erdiparean dabiltza, eta buruan trainerillen liga daukate: 6 behar dira atera ahal izateko, eta 6 daude justu-justu. Ikusteko dago zer erabakitzen duten.
Nesketan kategoriaz kanpo ari da Hernani, baina postu politak egiten ari da. Infantil, jubenil eta seniorrak nahastuta atera dute batela, eta ligako sailkapenean puntuatzerik ez dute. Hala ere, estropadaz estropada ari dira maila ematen.
Txapelketak eta ikastaroa
Aste Santuan bukatuko dute liga, eta Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute. Ondoren Euskadikoa eta Espainiakoa dituzte, eta segidan trainerillen liga hasiko da. Hor bukatuko da denboraldia hernaniar gehienentzat. Hurrengo denboraldirako, ikastaroa dute uztailean, eta dei egingo diete hernaniarrei, kirol dotore hau probatzera.