Aterpe eta Garin bertsolariak aurtengo Ohorezko Kofradeak

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 15a, 01:00

Tolare Gipuzkoako Sa­gar­do Naturalaren Kofra­diak, ur­tero bezala, Ohorezko Kofrade berriak izendatuko ditu sagardoaren alde lan egiteko. Aur­ten­go Ohorezko Kofradeak lau izango dira eta horien artean dira Julian Ezeiza Aterpe eta Antton Garin hernaniko ber­tsolari ezagunak. Biak ere, Hernanin, bertsolaritzaren al­de lan izugarria egin duten bertsolariak dira.
Horiez gain, Elena Arzak sukaldari donostiarra eta Jose Mari Gorrotxategi gozogile tolosarra izan dira aukeratuak. Izendatze ekitaldia igandean izango da, 13:00e­tan Biterin.

Eguerdi partean, kofrade ezberdinekin desfilea
Izendatze ekitaldiaren aurretik, 11:00etan bilduko dira Xa­laparta elkartean, bai Oho­rezko Kofradeak bai kofrade gonbidatuak ere. Hamaike­ta­koa egin ondoren, 12:15etan, desfilea egingo dute Kaxkoan barrena, Musika Bandaren la­guntzarekin. Bertan izango di­ra, urtero bezala, txoko ez­ber­dinetako kofradiak: izokinarena, babarru­na­rena, odolkiarena, patatarena, antxoarena...

Desfilea Biteri aurrean bu­katuko da. Bertan Aurreskua dantzatuko dute eta ondoren, 13:00etan, Ohorezko Kofra­deak izendatuko dituzte. Ho­-r­rez gain, Tolarek plaka bat emango dio Musika Bandari aurten 150 urte betetzen dituela eta. Kofrade berriek zin egiten dutenean, Ozenki Abes­batzak emanaldi txiki bat eskainiko du. Eta bukatzeko, Larre-gain sagardotegira joango dira bazkaltzera.

Antton Garin eta Julian Ezeiza Aterpe,
Hernanin, bertsolaritzaren alde lan izugarria egin duten bi bertsolari dira. Frankismo garaian hasi ziren, bertsolaritza Hernanin ia hilda zegoen garaian, eta beraiek izan ziren, besteak beste, bertsolaritza aurrera atera zutenak. Eta orduan hasi eta gaur egun arte. Izan ere oraindik Hernaniko zenbait saiotan aritzen dira kantuan. Adibidez, elkartetako Sagardo Txapelketetan.

Elena Arzak sukaldari donostiarra, Juan Ma­ri Arzak sukaldari ezagunaren alaba da. Luzernako (Suitza) ostalaritza eskolan ikasi zuen eta bukatzean, Europako sukalde so­na­tuenetan aritu zen lanean. Sei urtez aritu zen ikasten etxera bueltatu aurretik. 2000an, etorkizuneko chefa izendatu zuten. Gaur egun bere aitarekin darama Arzak jatetxea.

Jose Mari Gorrotxategi gozogile tolosarra. Aita konfiteroa izaki, berehala hasi zen konfiteritzan eta elikagai dendan lanean. Go­­zo­gin­­tza ikasketak egin zituen Iru­ñan, Katalu­nian, Alemanian, Frantzian...  Tolo­sa­ko Kale Na­gu­siko bigarren zenbakian dau­ka Gorro­txategi gozotegia. Nork ez ditu eza­gutzen bertako Xaxuak, teja eta zigarriloak, turroiak...
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!