«Maite ditugu gure mendiak, eta aldamenekoak»

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 14a, 01:00

Mendia izan zuten hizpide, batez ere. Mendia, mendizaleak, ez hain mendizaleak, eskia­tzaileak, eskiatzearen ai­tzakian Baqueirako terrazetan egoten direnak… Izan ere, Vielhan (Aran bailara, Katalunia) bertso afaria egin zuten Maialen Lujanbio eta Unai Agirre ber­tsolari hernaniarrek. Euskal­dun asko ibil­tzen da Aranen, negu partean, eta bertako tabernari batek bertso afaria egitea erabaki du. Bai egin ere; eta 80 lagun inguru bildu, gainera. Herna­niarrak asko. Hurrengo egunerako ere bazuten plana: Pla de Bereteko II. Raketa Ibilaldia. Gehienek hartu zuten parte, bezperan nekatuen zeudenak izan ezik.


Etxean bezela
Etxe-etxeko giroan aritu ziren bertsolariak Vielhan. Euskal­dun mordoa entzule, eta asko ezagunak. Beste asko, urtean zehar Baqueiran ibiltzen direnak, eta behin bertso saio bat bertan jarrita, ezin ba galdu, espektakulua. «Izango dira Eus­kal Herrian gaur saio txikiagoak», kantatu zuen Lu­jan­biok, hasierako bertso-jardunean. Gero, mendi kontuak ibili zituzten batez ere. Hurrengo eguneko raketa ibilaldia, Baben (Baqueira Beret, eskiatzaileentzako) ibiltzen den euskaldun piloa, saiora etorritako entzuleak, eta nola ez, antolatzailea Pingui, eta tabernan lanean ari den Zirilo (saioa antolatzeko parte haundia izan duena).


Datorren urtean, errepikapena
Ribaeta hotelak antolatu du bertso afaria, bertako Era Txapela taberna edo jatetxean. Asier Urruzuno Pingui errenteriarra da nagusia, eta lanean ere euskaldun batzuk ari dira bertan. Plana ezin egokiagoa prestatu zuten. Afaria, eta igandean mendi-ibilaldia, raketekin. Aurten­goak jarri du prezedentea, eta hobetzea zail izango bada ere, ez omen da azken aldia izango.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!