Alzheimerra duten gaixoen zaintzaile anonimoak, protagonista

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 13a, 01:00

Enara Goikoetxea, Iurre Te­lleria eta Inesa Aristimuño hernaniarrek, Moztu enpresarekin ekoiztutako Cuidadores doku­men­tala estreinatu berri dute estatuko bost hiritan, tartean Do­nostian. Trueba aretoan dago ikusgai, hain zuzen. Ostiralera ar­te izango da ikusteko aukera. Dokumentala Oskar Tejedorrek zuzendu du eta bertan, Alzhei­me­rra duten gaixoen zaintzaile anonimoak dira protagonista. Be­raien sentimendu eta bizipenak azaleratu ditu Tejedorrek. Dokumentalak kritika oso onak izan ditu eta dagoeneko hiru sari jaso ditu; hirurak 2010e­an: Hiru­garren saria Tiem­po de historia atalean, SEMINCIn, Valladoli­de­ko Nazioarteko Zine Astean; Publikoaren saria, MON.DOC la Mostra Interna­cio­nal de Cine Documental de Montaverner (Valencia); eta Na­gusia Saria (Eusko Jaurlaritza).

Egilearen bizipenak abiapuntu

Oskar Tejedorrek azaldutakoaren arabera, «abentura honen abiapuntua nire familian bizi izandako esperientzia eta egoera berean bizi diren beste hainbat familien bizipenak dira. Urteetan zehar nire familiak izan zuen emozio-prozesu ezegonkorraz jabetuta, zaintzaileen ezaugarri diren arlo intimoak islatu nahi nituen, baita demen­tzia degeneratibo bat duen senitarteko bat zaintzeak dituen ondorioak ere. Nire helburua beti izan da zaintzailearen itomena eta frustrazioa, zerbait positibo eta itxaropentsuan bihurtzea». Dokumentalean, 7 zaintzaileren testigantzak bil­tzen dira eta Tejedorrek dio, lan hau, ahots horien oihartzuna baino ez dela. 

Naiara - 30 urte: «Nik ama asko maite dut eta ez dut utziko, baina oso gaztea naiz eta nire bizitza bizi behar dut; bestela frustratuta egongo naiz».

Maribel - 62 urte: «Okerrena gauak dira, zure bizitza osoa konpartitu duzun pertsona duzu ondoan, baina badakizu jada ez dagoela».

Txus - 50 urte: «Gaixotasun honi esker, existitzen ez zela pentsatzen nuen ama hori maitatzen ikasi dut. Horixe izan da 8 urte hauetan landu dudan bidea, bera maitatzen ikastea».

Alicia - 60 urte: «Prozesu luze honetan bizi izan ditudan bitxikeria guztiez barre egiten dut orain, baina hasieran, ez dakizu nola jokatu, hil egin nahi duzu».

Ana - 50 urte: «Nire senarra ikaragarri maite dut, baina amaitu dira berarekin nituen solasaldiak. Nire bizitza pikutara joan da!». 

Carlos - 82 urte: «Kalera ateratzen garenean hasten dira galderak... eta bost minututara galdera bera. Eta horrela egun osoa».

Manuel - 78 urte: «Nire emazteaz egin nezakeen guztia egin dut baina, halere, batzuetan, nahikoa egin ote dudan galdetzen diot nire buruari».





Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!