Maialen Alberro, Asier Odriozola eta Ibon Izagirre
Maialenek 22 urte ditu, eta 7 urte daramatza Bandan, klarinetea jotzen. Asierrek ere klarinetea jotzen du. 18 urte dauzka eta duela 6 urte hasi zen Bandan. Biak dira hernaniarrak. Ibon berriz, Errenteriakoa da. 20 urte ditu eta duela 6-7 bat urte hasi zen Bandan tronboia jotzen: «aitak Bandan jotzen zuen, eta tronboi-jole bat behar zutela esan zidanean hasi nintzen etortzen». Maialenek eta Asierrek berriz, Hernaniko Musika Eskolan hasi zituzten musika ikasketak, eta bertatik bideratu zituzten Bandan sartzera. Hala ere, Maialen lehenxeago hasi zen: «lehengusinak ere Bandan jotzen zuen, eta berarekin etortzen hasi nintzen. Geroxeago niri deitu zidaten, ni ere jotzen has nendin». Gazte hasi ziren hirurak Hernaniko Musika Bandan jotzen, eta argi dute zergatik jarraitzen duten. Maialenen ustez, «Hernanin musikalki lor dezakezun mailarik gorenena, Bandan lor dezakezu». Asierrek ere onartzen du «musika maila eta instrumentua jotzeko maila hobetu» dituela Bandan sartu zenetik, eta Ibonek ere «maila altuagoa lortzen» ari dela azpimarratzen du, «beteranoen laguntzarekin lehenengo, eta bakarkako lanarekin ondoren». Hala ere, «exijentzia gero eta handiagoa dela» nabari du Maialenek, «denborarekin paper garrantzitsuagoak ematen» baitizkiete. Iboni ordea, «lanik handiena Errenteriatik Hernanira etorri beharrak» ematen dio. Bandako musikarien artean dagoen adin tartea nabaria da sarri, eta hori ere aberasgarria dela ikusi dute hiru gazteenek. Asierrek desberdintasun bat nabarmentzen du: «gazte guztiok Musika Eskolan hasitakoak gara, eta helduenetako batzuk ez». Baina hala ere, «kilometro asko egindakoak» direla onartzen du Ibonek, eta Maialenek eskertu egiten ditu «helduenek emandako aholkuak». «Esperientziak asko balio duela» badakite hirurek, eta prest daude eurak ere, jakituria hori bereganatzeko.
Santiago Caballero Uzkudun
Izen konpletoa emanez hasi da Bandako beteranoena. 73 urte ditu, eta 61 daramatza Bandan tronboia jotzen. 12 urte zituela hasi zen. 1950. urtean sartu zen Banda Urumeara, Jose Mari Goñi zuzendari zela, eta 1951n Txantxillako futbol zelaia inauguratu zenean jo zuen lehen aldiz kontzertu batean. «Nire osabak ere, Federico Uzkudunek, Bandan jotzen zuen».
«Txikitatik izan dut musikarako afizioa». Biteriko eskolara joaten zen Santiago txikitan. Behin, Don Jesus Zubimendi, parrokiako organista joan zitzaien galdezka, ea musika ikasi nahi ote zuten. Eta horrelaxe hasi zela oroitzen du Caballerok, udaletxeko lehen pisuan Zubimendirekin solfeoa ikasten. «Ahoaren forma, enbokadura ikusten zigun Don Josek, eta horren arabera, bakoitzari instrumentu bat egokitzen zigun; niri tronboia».
Urte guzti hauetan, Bandako zuzendari asko ezagutu ditu Carballok. Jose Mari Goñirekin hasi, eta ondoren, Ignazio Iruin iritsi zela oroitzen du: «lan handia egin zuen Iruinek Hernanin kulturaren alde. Errondan berarekin hasi ginen, eta baita Santa Zezilia egunean kontzertuak ematen ere». Jose Antonio Ruiz Bonak hartu zion txanda Iruini, eta ordurako Banda Tilosetan jotzen hasia zen. «Bonari bi urteko eszedentzia eskatu nion, ezkontzeko. Izan ere, Tilosetako dantzaldietan jotzen aritzen ginen, eta nik nire andregaia dantzara ateratzen zutela ikusten nuen, eta sutan jartzen nintzen!».
Bonaren ondoren, Juan Jose Iruretagoienaren eta Manolo Sagarnaren zuzendaritzak ezagutu ditu, eta oraingoa, Zipri Otxandorenarena, azkena izango duela dio Santiagok. «Txaranga ere utzi nuen, eta Banda aurten utziko dut. Umorea badut oraindik, baina gaitasunak ez dira berdinak… Ez dut maila ematen, eta gazteei lekua egin behar zaie». Onartzen du Bandak nabarmen egin duela hobera: «oso irakasle onak daude, eta Bandan jotzen ari diren askok ere karrera musikala egina dute. Oso maila altua dago eta nabaria da, obra zailagoak jotzen dira. Kanpora ateratzen denean ere, Hernaniko Bandak maila ematen du. Hau jada ez da, Banda Urumeari esaten zitzaion bezala trumoi banda!».
150. urteurrena egitaraua
Dagoeneko hasi ditu Bandak urteurren ospakizunak. Errugbiko ligan ohorezko sakea egiteko aukera izan zuen. Kaldereroetako 50.urteurrena zela-eta, bertan ere hartu zuen parte. Horrez gain, kontzertu berezi bat, pedagogikoa, eskaini zuen otsailean. Bandako historia biltzen duen liburu bat ere prestatu du, eta webgune bat ere martxan dute: http://hernanimusikabanda.com/. Martxotik aurrera ere, hainbat dira prestatu dituzten ekitaldiak.
Martxoa
- Argazki erakusketa
Biterin.
- 20ean: Kalejira
Tolare Kofradiarekin.
Apirila
- 17an: Kontzertua.
Maiatza
- 14ean: Banden
Alardea (Hernani, Irun
eta Errenteriako
Bandak).
Ekaina
- 18an: Iragarpen
Kontzertua.
- 23an: San Joan
Erronda.
- 24ean: San Joan
Diana eta Kontzertua.
- 27an: San Joan
Konpartsa.
Iraila
- Bertso Eskolarekin
kontzertua Euskal
Jaietan.
Urria
- 1ean: Kontzertua Her-
naniko abesbatzekin.
Azaroa
- 18an: Rock Kontzertua.
Abendua
- 17an: Gabonetako
Kontzertua.