Badirudi, Hernaniko Musika Bandak 1861. urtean hasi zuela bere ibilbidea. Herriko gazte talde batek ´musika sortzeko` gogoa zuen, eta asmo horretarako Udala dirua biltzen hasi zen. Lehenago bazen Hernanin musikarako zaletasuna: soinu-joleak, flautistak, danbolin-joleak… Baina ordura arte ez zen bandarik osatu. Hernanikoa egituratzen hasi zen garai hartan, XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, beste banda asko sortu zen inguruko herrietan. Modan zeuden Musika Bandak. XIX. mende amaierarako Hernaniko Musika Banda nahikoa osatua zegoen, eta Manuel Cendoya organista zuzendari zela, forma hartu eta guztiz osatu zen. Hurrengo hamarkadetan garai onak bizi izan zituen Bandak, Estanislao Gorrotxategi eta Federico Iglesias zuzendari zirela. 1907an berriz, taldeak estandartea sortu zuen, eta dantzaldi eta emanaldiak eskaintzeko aukera nonahi sortu zitzaion. II. Errepublikaren garaian, 1931tik aurrera, zuzendariz aldatu zuen Bandak berriro ere, eta Jose Maria Gonzalez Bastidaren gidaritzapean zela, Musika Bandak berebiziko garrantzia hartu zuen herriko jai, inauteri eta ekitaldietan.
Garai zailak
150 urte asko dira ordea, eta ibilbidea ez da beti erraza izan
Bandarentzako. 1936ko Gerra Zibilak eragin handia izan zuen, eta gerra-oste garaian Banda desegin egin zen hainbat urterako. 1949an berpiztu zen berriro ere taldea, Banda Urumea izenarekin eta Jose Mari Goñiren batutaren esanetara. Galtzear zegoen tradizioari eustea lortu zuten horrela, eta taldeari jarraipena ematea.
1955ean Ignacio Iruin izendatu zuten Banda Urumeako buru. Garai zailenak atzean utzi eta aurrera egitea lortu zuen berriro Bandak. 1957ko San Joan egunean Tilosetako kiosko berria inauguratu zen, eta momentu hori aprobetxatuta, Iruinek ´Agrupación Musical Hernaniarra` aurkeztu zuen jende aurrean.
Hernaniko Musika Banda martxan zen berriro, eta hurrengo urteetan kontzertuak ematen hasiko zen, Jose Antonio Ruiz Bonaren gidaritzapean lehenengo, eta Juan Jose Iruretagoienaren zuzendaritzapean ondoren.
Modaz kanpo
Hernaniko Musika Bandak gaindituak zituen jada gerra-osteko urte gogorrak. Berriro ere indartu zen, eta kontzertu eta dantzaldiak eskaintzen zituen noiznahi. Baina 1970eko hamarkadak erronka berriak ekarri zituen. Garaiak aldatzen ari ziren. Beste herri eta herrialde batzuetan egiten zenak eragina zuen, eta musika kontuetan, bandek jotzen zituzten doinuak modaz kanpo geratzen hasi ziren. Horrek Musika Banda askoren desagertzea eragin zuen.
Hernanin ordea, handia zen musikarekiko zaletasuna, eta Bandak eutsi egin zion. Juan Jose Iruretagoiena bandako zuzendari eta musika akademiako arduradunak, Manuel Sagarnaren esku utzi zuen 1983an Hernaniko Musika Banda zuzentzeko ardura.
1985ean gainera, Iruretagoiena jubilatuta jada, herriko musika akademia Hernaniko Udal Musikategia izatera (egungo Musika Eskola) pasa zen. Horrela, Musika Bandak aurrera egin zuen Manuel Sagarnaren gidaritzapean, eta Musika Eskolak bandarako musikari berriak sortzen lagundu zuen.
Egun, osasuntsu dago Hernaniko Musika Banda. 150. urteurrena ospatzen dute aurten, eta etorkizunera begira ibilbide luzea aurreikusten dute oraindik. Ospakizunetarako antolatu dituzten kontzertu, dantzaldi, erakusketa eta ekitaldi guztietan, 45 partaide ikusi eta entzuteko aukera izango dugu, Zipri Otxandorena Noble zuzendari dela.