Aste Santurako martxan, trafikoaren antolaketa berria

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 12a, 01:00

Aldaketek hiru zati garrantzitsu dituzte: Floridako trenbide azpiko errepidea, Txantxillako errotonda, eta hori eta herria lotzeko errepidea.

HERNANIKO trafikoaren an­tolaketa aldatu egingo da Aste Santuan, eta hain justu, hori azaldu zuten atzo Marian Beitialarran­goi­tia Alkateak eta Unai Erroizenea Zerbitzu Publi­koetako zinegotziak. Aur­­­­­­kez­penaren hasieran azal­du zutenez, aldaketen hel­burua da herritarren bizi kalitatea ho­be­tzea eta mu­gikortasun eredua iraun­korra izatea. Erroizeneak azaldu zue­nez, mugikortasuna iraun­korra izatearen funtsa da, per­t­sonek egin behar dituzten joan etorriak ahalik eta atseginen eta erosoen egitea, «baina beti ere in­gurumena errespetatuz». Hori gauza­tzeko, Udalak Her­naniko Mugikortasun Plana erre­daktatu zuen 2009an, eta 2010eko otsai­lean eta martxoan herrita­rrei azaldu zieten. Al­ka­teak azaldu zuenez, par­tikular, alderdi eta elkarteen ar­tean 6 alegazio jarri ziren or­duan. Ondoren, Arau Sub­si­dia­rioen barruan ere, ikusgai izan da Mugi­kor­tasun Plana, eta baita alegazioak egiteko aukera ere. Kasu honetan, Al­ka­teak azal­du zuenez, 19 ale­gazio jarri ziren, aurreko seiak barne. Alegazioak az­tertu eta kon­pon­du ostean, do­kumen­tua zuzendu eta 2010­ean entregatu zuten behin betikoa.

Egingo diren aldaketak, Mugikortasun Planaren helburu orokorrekin bat
Erroizeneak adierazi zuen, Aste Santuan Hernanin egin­go diren aldaketek, Mu­gikortasun Planaren hel­buru orokorrei eran­tzun­go dietela: «oinezkoak, txirrindulariak eta garraio publikoa sustatu nahi ditugu. Trafikoa Kaxkotik atera nahi dugu eta herri guneko kalitatea hobetu na­hi dugu. Baita ere esan, espazio publikoa oinez­koari itzuli nahi diogula». Hain zuzen, aipatutako helburu horiek martxan jartzeko egingo dituela Udalak aldaketak azaldu zuten atzokoan.

Hiru lan egitea, beharrezkoa
Alkateak azaldu zuenez, ai­patutako aldaketak egite­ko, hiru lan egitea beha­rrezkoa da: Floridako trenbidearen azpian errepidea egitea, Txantxillako errotonda erai­ki­tzea, eta hori herriarekin lotuko duen erre­pide berria eraikitzea: «lehe­nengo lana egin gabe badago ere, beste bi lanekin ia helburu guztiak bete daitezke, eta orain arte sortu diren hainbat arazori konponbidea emango zaie: batetik bestera joateko herri­gunea saihestuko da, Zin­koeneako trafikoa mu­rriztuko da, gune histori­koan apar­kaleku bereziak jarriko dira, eta Latsunbe eta Antziola au­zoetan ingu­rumen kalitatea hobetuko da». Alkateak azal­du zue­nez, helburu horiek be­tetzeko zirkulazio sisteman hainbat aldaketa egitea beha­rrezkoa da, besteak beste, ondorengoak: Elkano (Atse­gindegira arte), Txirrita eta Flo­rida kalea, norabide ba­karrean, jaitsi egingo dira; Aris­tizabal, Iturregi, Antziola eta Izpizua kaleak, norabide bakarrean baita ere, igo egingo dira; Urbieta kalea, Atse­gin­degi parean, norabide baka­rrekoa izango da anbulato­riorantz, eta Nafar kalea ere hala izango da Elkanotik Izpizuarantz. Aparkalekuetan ere alda­ket­ak izango dira, besteak bes­te: Izpizua kalean gune urdina jarriko dute, ordubetez apar­katu ahal izateko; eta Nafar eta Biteri kalea gune gorriak izango dira, bizilagunentzat.

Autobus geltokiak lekualdatuko dituzte
Autobus geltokiak ere alda­tuko dituzte: G2 autobusa (Donostiaruntz) El­kano kale­an, Biteri parean geratuko da; G2 (Urnie­ta­runtz) eta G1 auto­busek Urbieta kalean izango dute geltokia, pelotaleku pa­re­an; A1, G6 eta Hiribusak, Txi­rrita kalean izango dute gel­tokia. Horiez gain, Txantxillan, errotonda berria inguruan, G1 eta G2 lineako autobusek geltokia izango dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!