«Kontuan eduki gaitzatela eskatzen dugu, edozein obra edo zerbitzu martxan jarri aurretik»

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 12a, 01:00

Koxka elkarteak 10 bat urte lanean daramazki Hernanin desgaitasuna duten pertsonen ozto­poei eta beharrei konponbidea emateko. Urte guzti hauetan egindako eskaera batzuk betetzen ari da Udala, eta gakoa, aurretiko harremana eta elkarlana dela azpimarratu dute elkarteko kideek. «Horren adibide eredugarria: Villa Ave Mariako proiektua. Jarraitu behar ez den eredua: herri barruko autobusarekin egindakoa». Horrez gain, Kiroldegiaren «utzikeria», zakur kaken arazoa eta aparkatzeko txartelen erabilpen txarra nabarmendu dizkiote Kronikari.

Hernanin desgaitasuna du­­­­ten pertsonen elkarteak, hau da, Koxka elkarteak, 10 bat urte daramazki lanean desgaituek herrian dauzkaten oztopo eta beharrei konponbidea emateko asmoz. Hernaniko Kronika elkarteko hiru kiderekin bildu da, Kike Parras, Begoña Simon eta Maixa Arrozpiderekin. Aurre­ra­­pau­so­ak eman diren arren, oraindik koxka asko geratzen direla azaldu dute.

Hiruzpalau kidetik, berrogeita batera
«Elkarte ofizial bezala, orain dela 3 urte sortu zen Koxka, baina 8 bat urte aurretik, Martin, Goio, ni eta besteren bat biltzen hasiak ginen, ranparen bat edo beste jartzeko, indar gehiago egiten genuelako banaka baino», hala gogoratzen ditu Kike Parrasek Kox­ka elkartearen hastapenak. Beranduago Begoña Si­mon sartu zen eta 2008an Herna­niko beste elkarte bat gehiago bihurtu zen Koxka; izan ere, Uda­leko Aholkulari Batzorde­an parte hartzeko talde ofiziala izan behar zutela ere esan zien Alkateak. Beraz, elkarte gisa mar­txan jartzea helburu, Ba­tzar Orokorrak egin zituzten, «herritar guztiei za­bal­duta». Bigarren ba­tzarrean, desgaitasunen bat duten haurren gurasoak sar­tu ziren, tartean Maixa Arrozpide, eta egun 41 kide ditu Koxkak.

‘Puntu beltzen mapa’
Koxka, elkarte ofizial gisa sortuta, bakoitza bere auzoan ikusten zituen oztopo eta hutsuneak zerrendatzen hasi zen. «Lan haundia egin zen. Oztopoak, koxkak, zuloak, bordiloak, ranparik gabeko zebrabideak... Puntu beltzen mapa egin genuen. Guztira 80 bat argazki atera genituen». Egindako lana Udalak kontuan hartu zuela azaldu dute: «zerrendatu ziren proposamen horiek Akzesibili­tate Planaren barruan sartu zi­tuzten. Plana lau urtekoa da, 2010-2014 bitartekoa, eta zerbait behintzat egin dute: feria kaleko eta autobus urdinaren paradako ranpak, Or­be­go­zoko zubia, Balantxako aldapa, Plaza Berriko koxka ken­tzea... Auzoak urbaniza­tzen eta aldatzen joan diren heinean, hobetzen joan dira».

Villa Ave Maria egiteko metodologia, eredugarria
Elkartea, batez ere, azken urte honetan indartu dela nabar­men­du dute hiru kideek. «Proiektu haundietan parte har­­tzen hasi gara, Villa Ave Ma­rian, esaterako. Horrez gain, bilerak maiztasun finko batekin egiten ditugu eta komisio mo­dukoak ere sortu ditugu, gaika edo proiektuka banatzeko». Villa Ave Mariari dagokionean, proiektua egiteko metodologia eredugarria dela argi utzi dute. «Ikusi da Uda­la­re­kin harremanetan egonda eta elkarlanean arituta gauzak hobeto egiten direla. Eta hori da helburua; Udalean edozein alderdi dagoela ere, kontutan eduki gaitzatela edozein obra edo zerbitzu martxan ja­rri aurretik. Ez ondoren. Bu­ka­tuta dagoenean egokitzea zailagoa eta garestiagoa da». Jarraitu behar ez den ere­du bezala, herri barruko autobusarekin gertatutakoa azaldu dute: «Aurreko autobusa egokitu gabea zen eta egokitutakoa jartzeko eskatu ge­nuen, baina autobusak epe bateko lizentzia baimena zu­­en eta itxarotea erabaki ge­nuen. Orain berria jarri dute eta ez da akzesiblea. Hasie­ran, ranparik ez zuen, gurpildun aulkia ez zen sartzen... Hilabete eta erdi itxaron eta gero, orain ran­pa du eta aulkia sartzen da, baina atzeraka. Gainera, zenbait koxka ere baditu eta itsuentzako, esaterako, ez da egokia. Martxan jarri aurre­tik kaso egin izan baligute eta pro­­batu izan bagenu, ez zen hau gertatuko. Guk lata ematen jarraituko dugu, behar be­zala egokitu arte eta azkenean kostu bikoi­tza izango du».

«Kiroldegiarena, lotsagarria da»
Koxka elkarteak badu, bereziki, gainditu beharreko koxka haun­di bat: Kirol­degia. «Kirol­degia egin ze­ne­tik, ez da ezer aldatu: eskaileraz josia, du­txa eta aldagela egokiturik gabe, igerilekuan sartzeko gruarik gabe, ate automatikorik gabe... Behintzat dutxatzeko aulkia eta flotadoreak jarri dituzte. Seku­lakoa da utzikeria. Lotsa­garria da. Dagoeneko, kontua ez da kirola egitea bera. Kontua da sartzea eta kirola ikustea ezinezkoa egiten dela askotan». Udalak dirurik ez dagoela dio. «Badakigu eraikina bota eta berria egiteak kostu haundia daukala, baina gutxienez minimo batzuk jarri. Ez dugu eztabaidatuko diru kontutan. Krisi garaian gaude eta egia da diru gutxiago dagoela. Baina eztabaidatu beharrekoa da, zer egin behar den dagoenarekin. Gutxi dago eta gutxi hori nora doa? Nola banatzen da?». Dena dela, Kiroldegian da­goen zerbitzu bat goraipatu dute: «Eskola Kirolak-en ba­rru­an, desgaitasunen bat du­ten umeentzat kurtsiloa dago ikastetxe eta Kiroldegiarekin elkarlanean. Taldean 4 ume da­bil­tza. Aipatzekoa eta eskertzekoa da bertan aritzen diren bi fisioek egiten duten lana. Sekulako jarrera ona daukate, eta esperantza haundia daukate proiektuan. Hernanin sekula ez zen egin halako gauzarik eta bide bat ireki da, urtero ikastolen ba­rruan kontuan izateko, Eskola Kirol egokitua».

Txakur kakak, aparkatzeko txartelen erabilpen txarra, taxi egokitu baten beharra...
Beste hainbat oztoporen berri ere eman diote Koxkako kideek Kronikari. Alde batetik, txakur kaken arazoa dago. Koxka elkarteko kideentzat arazoa areagotu egiten dela azpimarratu dute, batez ere, itsuen edo gurpildun aulkietan dijoazenentzat. Hori horrela, arazoa konpontzeko eskatzen dute: «badakigu po­lemika dagoela sistemarekin eta gu hor ez gara sartzen. Guri zein sistema erabiltzen duten ez zaigu inporta, arazoa konpontzea baizik». Bestetik, Hernanin taxi egokitu baten beharra azpimarratu dute: «Donostiara deitu behar duzu halako bat eskatzeko eta garesti ateratzen da. Donos­tiatik hona etortzea bakarrik, 20 euro dira. Taxistek ez dute nahi eta hori beraien gain dago. Diote antiestetikoa dela. Jende askok ez du egokitutako taxietara igo nahi». Garraioari lotuta, aparka­tzeko txartelen erabilpen txarraren inguruan, autokritika egin dute: «Kontua ez da bakarrik txartelik ez dutenek ez aparka­tzea, batzuk egiten duten bezala. Kontua da txartelak eskuz esku pasatzen ditugula familiakoen edo lagunen artean. Eta gero benetan behar duenarentzat ez dago tokirik. Arduraz jokatzea nahi dugu, azken finean, kaltetuak gu baikara».

«Herritarrek gero eta gehiago hartzen gaituzte kontuan»
Herritarrek desgaituekin du­ten jarreraren inguruan galdetuta, oraindik asko falta den arren, esaterako, dendetan eta taber­ne­tan trabarik gabe ibili ahal izateko, pixkanaka gero eta ranpa gehiago ikusten direla eta gehiago hartzen dituztela kontuan dio­te. «Adibidez, Musika Esko­lak triptiko bat egin zuen eta des­gaitasunen bat dutenak izen­­­datzeko zein termino erabili behar zuten galdetu ziguten. Horrez gain, Hernani´n Musik-en barruan, Atxaga eta Mugu­ruzaren kontzerturako desgaituentzako lekua erreserbatu zuten. Hori inoiz ez da gertatu orain arte Hernain». Horrez gain, ikastetxeetako lana nabarmendu dute: «Orain dela urte gutxi hasi dira desgaitasunen bat du­ten umeekin lanean. Orain arte Aspacen edo horrelako lekuetan bakarrik ibiltzen ziren umeak eta orain herriko ikastetxeetan ikusten dira. Eta alde horretatik gu oso gustora gaude. Badakigu baliabide falta dagoela, eta oraindik bidea luzea dela, baina aurrerapausoak ematen ari dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!