«Hernanik betidanik izan du lotura haundia txistuarekin, eta goi mailako emanaldi baten zain daude asko aspalditik», hala adierazi zuen Joxan Goikoetxeak Hernani´n Musik 2011 ekimeneko aurkezpenean. Horiek eta txistua maite edo ezagutu nahi duten guztiek, behar hori asetzeko aukera paregabea dute gaur arratsaldean. Garikoitz Mendizabal txistulari haundiak, eta Xabier Zabala soinu eta teklatu jole bikainak ordu eta laurdeneko kontzertua eskainiko dute Biterin, eskuartean duten azken lana hain zuzen.
«Orain arte ezezaguna den beste mundu bat ere,
eskainiko dugu»
«betiko abestiak joko ditugu batetik, birtuosoak, goi mailakoak, txistuaren tradizioa direnak. Baina txistu munduan hain ezagunak ez diren beste doinu batzuk ere eskainiko ditugu, soinua eta teklatuarekin uztartuta. Etorkizunera eramango gaituen txistu doinuak izango dira, sentimendu asko transmitituko dutenak: tristura, poztasuna, itxaropena... Tartean, oso ezagunak ez diren txistuak ere joko ditugu emanaldian. Txistuaren betiko doinuak entzuten ditugu normalean, eta gaur ezezaguna den beste mundu bat eskainiko dugu», hala deskribatu du Xabier Zabala txistulariak gaurko emanaldia, Txistu birtuosoak eta sentimenduak bat eginik. Betikoa eta betirako izena duena.
Sarrerak debalde,
Biteri kultur etxean
Kontzertua arratsaldeko 20:00etan hasiko da, Biterin, eta joan nahi dutenek, aldez aurretik eskuratu beharko dituzte sarrerak. Emanaldiaren babeslea Kutxa denez, sarrerak debalde eskuratu daitezke, Biteriko harrera gunean.