Udalak 296 argi puntu aldatuko ditu, energia eta dirua aurrezteko

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 9a, 01:00

Kaleko argi publikoen energia eraginkorragoa izateko programa jarri du martxan Udalak. Kaleetako argiteria publikoa aldatuko du Udalak, 296 puntuetakoa: Ezkiaga pasealekua, Bi­teri in­gurua, La­tsunbe Berri, Eli­zatxo Goikoa, Santa Barbara, Or­ko­laga, Elkano kalea, Sor­gintxulo, Garcia Goldaraz, Ka­rabelgo zubia eta Teileri Gain. Energiaren Euskal Era­kundeak %50a ordain­tzeko diru laguntza emango dio.


Errendimendu baxuko argiak kendu, eta altukoak jarri

Udalak jakinarazi duenez, kenduko dituzten argi guztiak errendimendu baxukoak izango dira, eta hauen ordez jarriko dituzte kontsumo baxukoak edo errendimendu altukoak. Egin dituzten kalkuluen arabera, urteko 94.334,64 kw-h aurreztuko dituzte; gaur egungo energia kontsumoarekin alderatuz gero, %38,72a. Horrez gain, aldaketarekin, urtean, 30,84 tona CO2 gu­txiago isuriko da atmosferara, %38,74 gutxiago. Azkenik, aldaketaren beste arrazoietako bat da argi ku­tsadura murriztuko dela. Udalak azaldu duenez, energia arloan bakarrik ez, diru arloan ere onurak ekarriko ditu aldaketak: «argi berriek 8,5 urteko biziraupena dutela kontuan izanda, epe horretan 73.533,93 euro aurreztuko ditu Udalak».


Lehiaketan parte hartu nahi dutenek ostiralera arte dute aukera

Zerbitzu eta Gobernu Ba­tzordeek onartuta, webgunean jarriko dira lehiaketako oi­­narriak, eta parte hartu nahi dutenek ostiralera arte dute proposamenak egiteko aukera. Guztira 118.000 eu­rotako lehiaketa da, BEZ barne. Jakinarazi dutenez, proiektuan jasotako lanak ekainaren 30erako bukatuta egon behar dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!