‘Marijira’ gaur Hernanin, emakumeen lan duinaren alde

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 8a, 01:00

GAUR, martxoak 8, Ema­ku­meen Nazioarteko Eguna da eta emakumeen lan duina aldarrikatzeko, Marijira ma­ni­festa  izango da Hernanin, Txoko Feministak eta Ber­din­tasun Kontseiluak antolatuta. Honako leloarekin kalera ateratzeko dei egin dute: Mo­zorroa kendu prekarietateari, emakumeok kalera! Plaza Berrin jarri dute hitzordua 19:30etan. Ondoren, Aniaren kontzertua eta luntxa izango dira Kon­trakantxa Gazte­txean.

«Lan ikusezinak agerian utzi nahi ditugu»
Marijiraren antolatzaileek ar­gi azaldu dituzte emakumeek kalera ateratzeko di­tuzten arrazoietako batzuk: «Krisi ga­rai hauek ez dira berriak emakumeontzat. Lan merkatuan gauden emakume gehie­nak kontratu prekarioak eta denbora partzialekoak ditugu. Beste askok, ezkutuko merkatuan gaudenez, ez dugu kotizaziorik eta lan baldintza eskasak dauzkagu; are larriagoa izanik emakume etorkinen egoera».
Eta gaineratu dute etxeko lanak eta zaintza lanak emakumeen esku geratzen direla eta ikusten ez den lana bihurtzen direla. Hori horrela, «egunero egiten ditugun lan ikusezinak, jendarteari hainbeste ongizate eskain­tzen dioten horiek agerian utzi nahi ditugu. Erratzak, fregonak, mantalak, karroak... eskuan hartu eta kalera atera gaitezen, martxoak 8a Emakume Langileen Na­zioar­teko Eguna dugulako, festarako nahiz aldarrikapenerako eguna». «Krisiari fregonazoa emango diogu!», azpimarratu dute.

Ekintza gehiago
Emakumeen Egunaren bueltan, Marijiraz gain, ekintza gehiago antolatu dituzte: klown antzerkia, tailerra, lilatoia, hitzaldiak...

Martxoak 8, 
Emakumeen Eguna - Egitaraua

Martxoak 8, gaur: 19:30etan, Marijira (manifesta), Plaza Berrin Txoko Feministak eta Berdintasun Kontseiluak antolatuta. Ondoren, Aniaren kontzertua eta luntxa Kontrakantxan.
Martxoak 9, bihar:19:00etan, ‘eZINEMAn’ klown antzerkia euskeraz, Oihulari Klown-en eskutik, Virginia Imazek zuzendua, Biterin.
Martxoak 12, larunbata:17:00etan, tailerra: ‘Emakume etorkinak eta familia berrelkar­tzea’, Alicia Albezaren eskutik, gazteleraz. Biterin, Amher-Sos Arrazakeriak antolatuta.
Martxoak 13, igandea:11:00etan, lilatoia, emakumeentzako lasterketa Donostian (Boulevard). Izen ematea: www.lilaton.com.
Martxoak 17: 20:00etan, hitzaldia: ‘Euskal Herriko mugimendu feminista. Kronika bat’, Edurne Epelde eta Miren Arangurenen eskutik, euskeraz, Biterin.
Martxoak 22: 19:00etan, hitzaldia: ‘Transfeminismoa’, Itziar Zigaren eskutik, gazteleraz, Kontrakantxa Gaztetxean.
Apirilak 4: 18:30etan, hitzaldia: ‘Indiako emakume arrantzaleak bere eskubideen alde borrokan’, Sherly Kutty Joseph eta Mary Baburen eskutik, malealan-ez eta gazteleraz, Biterin. Antolatzaileak: Calcuta Ondoan eta Hernaniko Kooperazio Taldea.
*Ondoko gelan haurrentzako jolas gunea egongo da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!