Bigarren mailan lehenengo eta lehenengo mailan bigarren. Hernaniarrek bi final jokatu zituzten atzo, Euskal Herriko Paleta Txapelketan. Pagolak eta Huizik 30-20 irabazi zuten, bigarren mailako finala. Irazustabarrenak eta Arrietak 20-30 galdu, lehenengo mailakoa. Lan polita eginda, gustora dira beraz, hernaniarrak.
Ansotegiren joa,
Huiziren defentsa
Ansotegi saiatu zen, hernaniarrei aurrea hartzen. Huizik defentsa izugarria azaldu zuen ordea. Huizik defentsa, eta Pagolak atakea. Bikain moztu zuen pelota hernaniarrak, eta min haundia egin zien Ansotegiri eta Pererari. Partidu gogora jokatu zuten. Hasieran elkarri gaina hartu ezinda ibili ziren, baina 7-7ko enpatetik aurrera, Eli Pagola eta Maider Huizi nagusitu ziren. Txapelak Hernanira, beraz, eta ondo merezitako sentsazioarekin gainera.
Txapeldunorde, eta gustora
Lehenengo mailan, Amaia Irazustabarrenak eta Ariane Arrietak galdu egin zuten, 20-30, Pradera eta Saezen kontra. Partidu gogorra espero, eta halaxe izan. Txapeldunek atzera jo zuten, pelota ondo baztertuz; Irazustabarrenak aurrean nahi zuen jokoa, eta ekartzea lortu zuenean tanto ederrak egin zituen. Arrietak asko eutsi zien faboritoei, eta izerdia botarazi zien, irabazteko. Bukaeran, hernaniarrak txapeldunorde, eta gustora.