Bikingoak, Barbaroak eta Peruanoak, 450 hernaniarrez osatutako hiru konpartsa gaur

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 6a, 01:00

Inauterietako egun haun­­dia dute gaur hernaniar askok: mozorroak jan­tzi, eta  garai bateko bikingo eta barbaroak ekarriko dituzte gogora batzuk; eta besteek Peru herriko biztanaleak interpretatuko dituzte. Hiru konpartsa aterako dira aurten ere herriko kaleak kolore, musika, mugimendu eta mozorroekin alaitzera, eta bakoitzak aukeratutako gaia landuko du.

Inmakulada, Elizatxo eta Ttarlako konpartsek 450 ume, gazte eta heldu bilduko dituzte Urbietako kaleko irteeran, eguerdiko 12:00etan. Azken asteetan jositako trajeak, entsaiatutako dantza eta mugimenduak, eta eskuz egindako karrozak prest jarri, eta jendaurrean erakusteko garaia iritsi zaie. Ohi bezala, ehundaka  hernaniar izango dituzte kale bazterretan zain, aurtengo nobedadeak ikusi eta eurekin goiz pasa ederra egiteko asmoarekin.

Musika emanaldiak
eta haurrentzako emanaldia, arratsaldean

Konpartsak ikusi, eta bazkari eder baten bueltan indarrak berreskuratu ostean, inauterietan ezin hobeto pasatzen jarraitzeko aukera izango da herritik mugitu gabe. Umeen zain Potxin eta Patxin egongo dira Atse­gindegin; zirkoko animaliak bertaratutakoiei erakusteko asmoarekin etorriko dira gaur Hernanira.  Eta kaleetan gora eta behera dan­tzan ibiltzea gustatzen zaien herritarrentzat, Betikoak txaranga ibiliko da musika doinuak zabaltzen, 17:00etan. Eta ondoren, 19:30etan,  Musika Eskolako trikitilari eta dul­tzaineroak aterako dira.  

Umeak, biharko
protagonista

Ikastoletan jai dutela aprobe­txatuz, bihar ere ekitaldiak nonahi izango dituzte umeek. Eguna hasteko, urtean bi garaitan bakarrik izaten den ekitaldia dute: Axeri Dantza. Txistularien doinuek lagunduta, Axeriari jarraitu eta maskuriengandik ihesi ibiliko dira goizeko 10:00etatik aurrera dozenaka neska mutil. Ondoren, ponien gainean ibiltzeko eta zezen txikiak toreatzeko aukera izango dute Latsunben. Eta animaliak gogo ez dituztenek, Atsegin­degin antolatu dituzten tailerretan parte hartu ahal izango dute; 12:00etatik aurrera.
Arratsaldea girotzeko Erral­doi eta Buruhandien kon­partsa aterako da 16:00­etan, Kriskitiña dantza taldea eta Musika Eskolako dultzaineroak lagun dituztela, gaztetxoen gozamenerako. Eta txikienentzako Zirika Zirkaos emanaldia izango da Atse­gindegin. Azkenik, eguna amai­tzeko, dantza ikuskizuna izango da Tilosetan; break dantzariek Scratch erakustaldia eskainiko dute.

Lau egunetako festa
agurtzeko,
Sardina agurtu behar da

Eta inauteriak agurtzeko beste modurik ez dagoenez, aurten ere sardinak hartuko du protagonimosa azken egunean. Sardinaren ehorzketa 18:30etan egingo dute Plazan, eta bera malko artean agurtuz, esango diete askok agur 2011ko inauteriei.

Hernaniko Inauteriak

Martxoak 6, igandea:
  • 11:00etan, Betikoak txaranga.
  • 12:00etan, Konpartsaren irteera Urbieta kaletik: Ttarla dantza taldea, Inmakulada ikastetxea eta Elizatxo ikastola.
  • 17:00etan, Haurrentzat emanaldia: ‘Zirkoa ezagutuz’ Potxin eta Patxinekin Atsegindegin.
  • 18:00etan, Betikoak txaranga.
  • 19:30etan, Musika Eskolako trikitilari eta dul­tzaineroak.
Martxoak 7, astelehena:
  • 09:00etan, Diana Musika Eskolako ikasleekin.
  • 10:00etan, Azeri dantza gaztetxoentzat.
  • 11:30etan, Haurrentzat poniak eta zezen txikiak Latsunbeko kirol pistan.
  • 12:00etan, Haurrentzat tailerrak Atsegindegin.
  • 16:00etan, Erraldoi eta buruhaundien konpartsa Kriskitiña dantza taldearekin eta Musika Eskolako dultzaineroekin.
  • 17:00etan, Haurrentzat emanaldia: ‘Zirika Zirkaos’, Atsegindegin.
  • 18:00etan, Break dantza Scratch erakustaldia, Tilosetan.
Martxoak 8, asteartea:
  • 18:30etan, Sardinaren ehorzketa.
*Foto Forum Hernani
elkarteak Inauterietako ekintza guztietan argazkiak aterako ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!