Hernanik irabazi egin zuen atzo, 17-5, eta Errege Kopako final zortzirenetara pasa da. Ondo merezita pasa ere. Kontuak oso zail zituen Hernanik; 10 puntu baino gehiagogatik irabazi behar zuen, eta etxean jokatzea tokatu arren, Aieten jokatu behar, Landare ehungarren aldiz inundatu delako.
Hortzak estututa hasi zuten partidua hernaniarrek, eta baita bukatu ere. Ondo hasi ziren, 10-0. Dominatu egin zuten Polidori eta Santa Kruzen mutilek. Liceo Frances ez zegoen ezer erregalatzeko, ordea. Bigarren zatian haustera atera ziren, eta 10-5 jarri ziren berehala. Minutuak aurrera, Liceo Frances gero eta gogorrago, eta Hernani gero eta estuago. 10 puntuko aldea behar zuten hernaniarrek; ez zegoen errezean.
Jokaldi zakar pare batean Liceori espultsatu egin zioten jokalari bat. Hortxe aukera! Hortzak estutu, eta hainbat saiakera eta gero, entsaioa hernaniarrek... eta transformazioa barrura! 17-5. Final zortzirenak eskutan. Baina minutu gogorrak aurretik...
Ez zen berehalakoan iritsi partidu bukaera. Liceok bi jokalari gutxiagorekin bukatu zuen partidua, eta damu izango du bi falta horiek egin izana. Hernani bikain. Zaleak ere bai; hortzak denek estutu baitzituzten atzo. Eta merezi izan zuen. Entsaioak: Otxotok, Gagok eta Esnalek. Transformazioa, Etxebek.
Martxoaren 20an Landaren jokatuko dituzte final zortzirenak, partidu bakarrera, Ohorezko A mailako talde baten kontra.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!