Galarreta, Europako erreferente, berrikuntzan

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 5a, 01:00

IKERKETA, garapena, berrikuntza eta teknologia ardatz izango duten enpresa edo zentroak, eta Mondragon Uniber­tsitatea: ideia guztiek leku berean bat egitea errealitate bi­hurtuko du Galarretako proiek­tuak. As­telehenean jarri zuten lehenengo harria eta 2015erako proiektua bukatzear izatea espero dute. 150.107 metro karratuko azalera izango du, eta 1.000tik gora lanpostu berri sortuko ditu. Guztia, funtsezkoak izan diren bi aposturi esker: batetik arlo pribatuan egin dutena, eta bestetik erakundeek egin dutena, tartean Hernaniko Udala. 160 milioi euroko inbertsioa du: 70 milioi Hernaniko Orona enpresa pribatuak jarri ditu, eta gainontzekoa erakundeek: Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez, Gipuzkoako Foru Al­du­ndiak, Donostiako Udalak eta Kutxak. Horiez gain Hernaniko Udalak 6 milioi euro jarri ditu Orona Fundaziorako.

Berrikuntzaren eta etorkizunaren aldeko apustua
Galarreta proiektuak edo Parke Teknologikoak berrikuntzaren eta honen etorkizunaren aldeko apustu sendoa egin du, bai eskualde mailan, bai probintzia mailan, eta baita Euskal Herri mailan ere. Funtsean, bi dira hirigintza mailan, proiektuak dituen helburuak: bat, Donostiako Teknologi parkearen zabalkundea ahalbidetzea; eta bestea, lekua ematea Orona Koo­peratibaren berrikuntza eta garapen proiektuari, eta hau ahalbidetzea.
Helburu estrategikoei dagokinez, lau dira Galarretak betetzen dituenak:
Bat, berrikuntza prozesuetan parte hartuko duten enpresa edo zentroak batera egotea, eta leku eta azpiegitura egokia ematea beraien arteko harremanak indartzeko, hau da, berrikuntza sortzeko.
Bi, Oronak berrikuntzaren alde egin duen apustua areagotzea. Erreferente bihurtu  da Europako eta mundu mailako industria eta zerbitzuen esparruan. Baina enpresak, sortu zenetik garbi izan zuen Herna­nin gelditu eta sustraitzeko asmoa, eta hain zuzen, hori da proiektu berriarekin lortuko duena.
Hiru, berrikuntzari bultzada bat ematea, bai gaur egun dauden enpresetan eta bai etorkizunean sortuko diren berrietan ere.
Eta lau, epe luzerako proiektu bat gauzatzea, hau da, denboran iraungo duen ekipo teknologiko bat  sortzea.

MARIAN BEITIALARRANGOITIA HERNANIKO ALKATEA:
«Aukera ezin hobea da gure etorkizuna garatzeko»
Galarretako proiektuak Her­naniko lurretara ikerketa, garapena, berrikuntza eta teknologia ekarriko dituelako, etorkizunera begira jarri direla adierazi zuen Marian Beitialarrangoitia Her­naniko Alkateak, asteleheneko aurkezpenean. Azaldu zuenez, Alkatetza hartu eta hilabetera ezagutu zuen Oronak bere zabalkunderako zuen asmoa, eta egitasmoa: «berehala ohartu ginen proiektuaren garrantziaz eta berehala egin genuen bat Oronarekin. Jabier Mutu­berriak, Oronako lehendakariak ere sendo eutsi dio egitasmoari hasieratik, proiektuak Hernanin hasi eta Hernanin garatu behar zela garbi zuen hasieratik. Horregatik, hernaniar guztien izenean, eskerrak eman nahi dizkiot bihotz bihotzez».
Udala osatzen duten alderdi po­litikoek ere ondo eran­t­zun dutela azpimarratu zuen Alkateak: «lekualdatzea, hasiera batean, ez zuten ondo ikusi, baina denborarekin  bat egin zuten, eta aho batez onartu zen».
Azkenik, bere izenean, eta Udal Gobernu Taldearen izenean, proiektuaren garran­tzia nabarmendu zuen: «aukera ezin hobea da, are gehiago krisi garaian, gure etorkizuna gara­tzeko; aberastasuna, lanpostuak, heziketa eta ikerketarako gune berriak ekarriko dizkiguten proiektuaz ari gara eta.

MARKEL OLANO GIPUZKOAKO ALDUN NAGUSIA:
«Apustua `kategoriakoa´ da»
«Berrikuntza eta garapenaren alde egindako apustua, kategoriakoa izan da eta Europako parametro altuenera iristen gara, Ale­maniaren pare. Parke Tekno­logikoa eta berrikuntza uztartuko dituen gune honek Gipuzkoaren beharrak zehatz mehatz asetuko ditu. Orain, emaitza hobeak bilatu behar ditugu, eta inbertutako guztiak gure enpresetan eragina izatea», hala azaldu zuen Olanok aurkezpenean.

Orona, etengabe aurrera dijoan kooperatiba

Lau hamarkadatik gorako esperientzia du Orona kooperatibak. Espainia, Frantzia, Por­tugal, Erresuma Batua, Irlanda, Belgika eta Holandan ditu, besteak beste, enpresak; guztira 30 enpresa ditu munduan barrena banatuta, eta 4.000 per­tsonei ematen die lana. Oronaren jarduera igogailu eta hiri mugikortasunean oinarritzen da, hauen fabrikazio, diseinu, instalakuntza, mantenua eta modernizazioaz arduratzen da; esate baterako, igogailuak, eskailera mekanikoak, ranpak edo pasilloak egiten dituzte.
Orona Mondragon Co­r­poracion kooperatibaren ba­rruan dago, eta etengabe ari da eraldatzen: beti ere bere osotasuna mantenduz, konprometitua dago erronka sozial, energetiko eta ingurugiroarekin. Eko-hiriak errealitate bihurtzen ditu.

ORONA Zenbakitan:
-Munduan dauden 20 igo­gailu berritik bat ORONAkoa da.
-92 herrialdetan jartzen dituzte ORONA produktuak
-Europan lehenak dira igogailuen erabateko ekoizpenen.
-Hiru produkzio lantegi dituzte: bi Espainian eta bat Mexikon.
-4.000 profesional dituzte maila eta bokazio gorenean.
-Mundu mailan igogailuen lehenengo enpresa da, Ecodiseño-k egiaztatuta.
-2009ko salmenta bateratuak: 717,1 milioi euro.
-2009ko inbertsioak: 44,2 milioi euro.
-2009ko emaitza bateratua: 83 milioi euro.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!