Gorenak izeneko marka kalean da. Sagardo Mahaiak bultzatu du marka, eta 13 sagardotegi daude bertan. Kalitatezko marka edo zigilua izango da: Euskal Herriko Sagardo Gorenak; Sidras selectas del Pais Vasco. Aurrerantzean, merkatuan nabarmen izango dira, txapel beltza, eta urre-kolorezko letrak dituzten sagardo botilak. 13ko talde horretan, hiru, hernaniarrak dira: Altzueta, Zelaia, eta Olaizola.
Atzo aurkeztu zuten kalitatezko marka berria, Zelaia sagardotegian, eta bertan izan ziren marka bultzatu duten 13 sagardogileak: Alorrene, Altzueta, Barkaiztegi, Begiristain, Egiluze, Gartziategi, Gaztañaga, Gurutzeta, Isastegi, Olaizola, Sarasola, Zapiain, eta Zelaia.
«Kalitate goreneko
sagardoa lortu dugu»
Miguel Zapiain Sagardo Mahaiko bozeramaileak eta Miguel Mari Lasa lehendakariak hitz egin zuten ekitaldian. Azpimarratu zutenez, neurriak zorrotz beteta, «kalitate goreneko sagardoa» lortu dute, eta Gorenak zigilua lortu nahi duten sagardogileek, baldintza horiek bete beharko dituzte. «Araudi bat sortu eta ezarri dugu, sagardoaren lanketa prozesu osoa kontuan hartzen duena, sagastietatik hasi eta sagardoa botilaratu arte: kalitatezko sagarra, dentsitate kontrola, PHaren analitika, azidotasun aldakorraren kontrola...».
Bertako sagarraren aldeko apustua egin dutela adierazi zuten, konpromisoa hartu baitzuten bertan homologatutako sagastietako sagar guztia hartzeko. Aurten, 6 miloi botila merkaturatuko dira Gorenak zigiluarekin.