Hasi dira lanak Galarretako Teknologia Parkea egiteko: 150.100 m2, inobaziorako

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 1a, 01:00

JARRI dute lehenengo harria, eta lanak martxan dira, Galarretako teknologi parkea egiteko: Galarreta Proiektua. 150.107 metro karratu izango ditu, 120 miloi euroko aurrekontua, eta be­rri­kuntza eta inobazioari be­gira egingo dute. Oronak izango du zatirik haundiena, 40.000 metro karratu; Mondragon Uniber­tsi­­tatea ere hor izango da, eta enpresa teknologiko eta ino­bazioan lanean ari direnak ere hor izango dira.   
Aurkezpena Oronan egin zen, eta bertan izan ziren, besteak beste: Ber­nabé Unda (Industria, Berri­kun­tza, Mer­kataritza eta Tu­ris­mo Sail­bu­rua), Markel Ola­no (Gi­puz­koako Diputatu Na­gusia), Ma­rian Beitialarran­goitia (Her­­naniko Alkatea), Odón Elorza (Donostiako Al­ka­tea), Tomas Orbea (SPRI tal­deko zuzendari nagusia), eta Ja­vier Mutuberria (Orona S.Coop.-eko zuzendari nagusia).

Miramongo parkearen segida
Galarreta Proiektuak Parke Teknologikoa izan nahi du. Alde horretatik, Miramongo Parke Teknologikoaren ja­rrai­pena edo anpliazioa dela adierazi zuten atzo. Inoba­zioa izango du oinarri, eta «inobazio-ekosistema» sortu nahi dute bertan: «etorkizunera begira beharrezkoa da uztartzea: ikerketa eta garapena, inobazioa, teknologia eta industria», adierazi zuen Javier Mutuberriak, Orona S.Coop.-eko zuzen­dariak.
150.107 metro karratuak horrela banatuko dira: 60.000 m2 ikerketa, garapen, berrikuntza eta teknologia enpresetarako; 40.000 m2 Orona IDeO gunearentzako; 8.000 m2 hirugarren sektorerako; eta gainerakoak, parke, bide eta abarrerako.  

‘Orona IDeO’, ideia berria

Galarreta Proiektuak zati nagusi bat izango du, Orona IDeO izenekoa, eta ideia berri batekin dator: berrikuntzaren ekosistema bat sortu nahi dute, laboratorio moduko bat izango dena. Kolaborazioa lortu nahi dute enpresak, I+D zentroak, Tek­nologia eta Unibertsita­tea­ren artean.
Orona IDeO horren ba­rruan joango dira: Orona eic, Fundacion Orona (Mon­dragon Unibertsitatea), Oro­na G3A eta Ikerlan IK-4.
Oro­nako bulego nagusiak ere Galarretan izango dira he­men­dik aurrera.

Energia eta ekologia
Galarretan egingo duten inobazio proiektuak 4 helburu nagusi izango ditu Orona ren aldetik, energia aurreztu eta ekologiaren aldetik lan eginez: elebazioa eta hiri mugikortasuna indartzea; sostenibilitatea eta energia efizientzia; energia pilatu eta kudeatzea; eta energia zerbitzua eskaintzea (ESCO).

7 miloi euro, Hernanik
Hernanik 7 miloi euro inbertituko ditu proiektu berri ho­netan, eta unibertsitatera bideratuko ditu, Ikasleku Fundazioren bitartez.
Marian Beitiala­rran­goi­tiak atzo azaldu zuenez  oso pozgarria da albiste hau Hernanirentzat. «Ikerketa eta garapena, berrikuntza, eta teknologia Hernanira etorriko direlako».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!