Cervera, Kantauri mendilerroko gailurrik bisitatuena

Kronika - Erredakzioa 2011ko ots. 27a, 01:00

Mendiriz mendi

Kantauriko mendilerroa Arabako mazizorik garran­tzitsuenetarikoa dugu. Men­dilerro luze honek, Arabako Errioxa eta probintzi osoa banatzen dituen honek, Arabako gailur zorrotzenak jasotzen ditu. Ezaugarri nagusia bere profil zorrotza izanik, bere erdi aldean, Herrera eta Bernedo mendateen artean, lerrokatuta dauden eta beraien artean ia bereizten ez diren gailur zorrotz pilo bat ditu. Hala ere, guzti horien artean, justu erdian, zailtasun berezirik ez duen Cervera mendia altxatzen da. Hori dela eta, inguru hauetako gailurrik bisitatuena da.

Inguru hauetako mendiek paisai oso ikusgarria eta erakargarria izaten dute, kontraste handikoa. Ipar aldera, Gasteiz aldera, paisai mendi­tsua eta basoa dira nagusi. Hego aldera, ordea, mahastiak nagusi direla, Errioxako lautada ikusgarria dago.

Pipaon Kantauri mendilerro inguruan dagoen herririk garaiena da (839 m). Herri honek inguru hauetako ohitura zahar ugari gordetzen jakin izan du eta paraje hauetako biztanleen usadio zaharrak erakutsiko dizkigun museo etnografikoa du.

Cerveraren mendebaldean, Cervera eta Castillo de Vallehermosa gailurren arten Vallehermosako depresioa dago. Bailara hau egitura karstikoaren zati handi bat hondoratu zenean sortu zen. Horrelako fenomenoa geologian Polje izenarekin ezagu­tzen da. Poljea mugatzen duten bi harkaitz lerroak Cervera gailurrean elkartzen dira. Vallehermosako poljeak forma triangeluarra du. Bere luzera 1,5 km ingurukoa da eta zati zabalenak 350 metro ditu.

Lezarako bidean harkaitza azpian eginiko San Cristobal ermitatik gertu (hondarrak geratzen dira soilik) pasatuko gara. Denbora apur bat izanik merezi du bisitatxo bat.

Bidearen azken zatia PR-81etik, Ruta Historikotik, egingo dugu. Ibilbide hau oso interesgarria da eta beste momentu batean, aukera baduzue, egitea gomendatzen dugu. Laguardian hasi eta amaitzen den ibilbide zirkular honek inguru hauetako aztarna megalitiko guztiak bisita­tzen ditu, hala nola: La Huesera, El Sotillo eta San Marin trikuharriak eta La Hoyako historiaurreko herria.

Jatorriz XII. mendekoa den, baino berrituta dagoen Berberana ermitaren alboan, antzinan, herri bat zegoen, baina soil geratu zen XVI eta XVII. mendeen artean eman zen izurritearengatik. Bere inguruetan historiaurrekoak direan hilobi antropomorfikoak daude.

Ibilbidearen deskribapena
Herritik Lagran aldera doan pista hartu behar da. Handik gutxira Semendiako lepora (930 m) iritsiko gara. Aurrera jarraituz Lagran herrira jaisten da, baina guk eskuinera egingo dugu eta heizarako prestaturiko kaseta baten albotik pasa ondoren, basora hurbilduko gara.

Basoan sartu eta pistak ´El Estillar` izeneko txabola eta iturrira eramaten gaitu. Txabolara iritsi baino lehenago pista utzi eta eskuinera, hegomendebaldera, doan bidezidorra hartu behar da. Bidezidorrak gora egiten du zig-zag ugari eginez pagadi eder bat zeharkatuz. Ingurukoek igoeraren zati honi ´Las revueltas` deitzen diote. Basotik irteterakoan berehala gara Errezillako lepoan (1.267 m). Hemendik, eskuinera eginez, oteen artean dagoen bidezidorra jarraituz, berehala gara Cerverako gailurrean (1.384 m).

Gailurretik paisaia ikusgarria da. Ipar aldera basoak eta mendiak ikusiko ditugu. Hego aldera begiratuta Errioxako lautada, eta atzean Demandako mendizerra, bere gailur altuena, San Lorenzo, zerumugan nabarmendurik. Eki aldera Palomerako kresta zorrotzeko tontor gehienak ikus daitezke.

Guk atzera egin behar dugu eta berriro Errezillako le­pora bueltatu. Bertatik Erre­zillara (1.381 m) nondik igo behar den garbi ikusten da. Harkaitzen artean nabari den pasagunetik doa bidea. Pasa­gunea ez da zaila, baina trepada txiki bat beharrezkoa da. Berehala gara gailur zorrotz eta aereo honetan. Cerveratik ikusten genuen Palomeraseko kresta hemendik ikusgarriagoa da. Benetan merezi du lepotik hona behar den ordu erdi eskas hori hartzea. Lepora berriro itzuli eta, ekialdera eginez, Palomeras krestaren azpitik doan bidezidorra hartu behar da. Bidezidorretik goazela, soilik eskalatzen igo daitezkeen horma ikusgarri hauetaz gozatuko dugu.

Bideak behera egiten du, baina hasiera batean nahiko emeki. Bi zig-zag handi egin ondoren pista batetara iritsiko gara. Eskuinera egin eta harkaitz batzuetara iristerakoan behera egingo dugu. Apur bat aurrerago bidegurutze batekin egingo dugu topo. Hemen, eskuinera egiten badugu, ordu laurden eskasean, San Cristobal baselizaren hondakinak bisitatzeko aukera dugu.

Gure eskuinean bailara bat dugularik gandortxo batetik behera jarraituko dugu. Apur bat aurrerago beste pista bat aurkituko dugu eta hemen PR-81ekin bat egiten da. Jai­tsierari jarraituz kaseta gorri baten albotik pasatuko gara. Pistatik basoan sartzen gara eta apur bat aurrerago, bailararen beste aldera pasa ondoren, transformadorea duen etxe baten ondotik igaroko gara. Aurre­rago aisialdi ere­mu batera iri­tsiko gara eta hemendik berehala Berberana ermitara. Hego-ekialdera jaisten jarrai­tzen dugu pista batera iritsi arte. Hemen gora egin behar da, ekialdera. Igoera labur hau igo ondoren eskuinera, hegoaldera, biratzen dugu eta apur bat aurrerago A-124 errepidearekin egingo dugu topo. Gurutzatu eta aurrean El Sotillo-ko trikuharria aurkituko dugu. Hemen­dik berehala gara ibilbidearen amaiera den Lezako hirugunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!