Pello Gonzalez - Ogasun eta Finantza diputatua: «Gipuzkoak kondizio onak ditu krisiari aurre egiteko»

Kronika - Erredakzioa 2011ko ots. 27a, 01:00

Pello Gonzalezen ustez, Gipuzkoak kondizio onak ditu krisiari aurre egiteko, bi arrazoigatik, batez ere: industri eta enpresa sare indartsua daukalako, sektore espekulatzailetik urruti dagoena Europarekin konparatuta; eta Espainiako tasetatik urruti dagoen langabezi tasa.
Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatua da Gonza­lez, eta datozen hauteskundeetan Diputatu Nagusi izateko hautagaia da Hamaikabat al­derditik. Hernanin hitz egin zuen ostegunean, Biterin, 30 bat lagunen aurrean.

Hiru bide, krisitik ateratzeko
Krisitik ateratzeko hiru bide daude Gonzalezen ustez: au­rre­kontuen politika, zerga po­litika, eta 2010-2011ko planak.  «Inbertsioa mantendu, gastu arrunta gutxitu, familiak ba­bes­tu eta enpresei lagundu be­har diegu, besteak beste. Bide azpiegituretan inbertitu dugu aurten, politika sozialean, enpresetan, eta zientzia eta berrikuntzan; 200 miloi euro bideratu ditugu horretara, eta eman du bere fruitua».

«Zero tolerantzia, iruzurrari»
Fraude fiskalaren kontra bo­rroka gogorra egin behar dela adierazi zuen Gonzalezek, eta Diputazioa hasia dela horretan: «2010ean 317,5 miloi euro berreskuratu genituen horrela; 2007an be­rriz, 181,9 miloi euroko iruzurra egin zela harrapatu dugu».
Iruzurrari buruzko galdera bat baino gehiago izan ziren hitzaldia bukatu ostean. Iru­zurrik haundienak inmobiliaria sektorean daudela adierazi zuen Gonzalezek, eta gero eta neurri gehiago hartzen ari omen dira hori kontrolatzeko. Aipatu zuten beste kasu bat, enpresariek deklaratzen dutena eta irabazten dutena oso ezberdina izaten dela. Mini­moa deklaratu, eta askoz ge­hiago irabazi. Inspektore ge­hi­ago jarri direla adierazi zuen Gonzalezek, eta moduloka funtzionatzen zuten autonomoei aukera hori kendu egin zaie.
Bide horretan egiten den guztia ondo dagoela adierazi zuen, «iruzur egiten duenak guztioi egiten digu iruzur».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!