Udal Plenoak 6 mozio eta beste 12 puntu onartu zituen joan den ostegunean.
Prezio publikoak aldatzea: Udal Euskaltegia, Jangela...
Udalak eskaintzen dituen zerbitzu batzuk hemendik aurrera zenbat ordaindu behar diren onartu zuten Plenoan. Kultura arloko ikastaroen tasak Gobernu taldea eta Ezker Batuaren aldeko botuekin onartu ziren, eta gainerakoen abstentzioarekin. Hernani Musika Eskola, Kantuz Musika Eskola eta Udal Euskaltegiaren tasetan H1! alderdia eta PP abstenitu ziren; besteek alde bozkatu zuten. Haur Eskolako Jangelako prezioak aho batez onartu ziren, eta Hirigintza baimenen tasak ere aho batez onartu ziren.
Mozioak eta adierazpenak
Gai hauei buruzko 6 adierazpen edo mozio onartu ziren: AHTa. Ereñotzuko Auzo Batzarra. Mendebaldeko Sahara. Erretiro adina 67 urte. Martxoak 8. Rumbo a Gaza ekimena.
Abiadura Haundiko Trena eta Hernani
Onartua.
Alde: Gobernu Taldea eta EB.
Kontra: PSE-EE, EAJ, H1!, PP.
«Abiadura Haundiko Trena da gure herrian aurreikusten den proiekturik haundiena» dio ostegunean onartutako mozioak. AHTk kalte ekonomiko nahiz kalte naturalak eragingo dituela, eta ondorioak herritar guztien artean ordaindu beharko direla.
«Informaziorik kaleratu gabe, eta herriaren iritzirik entzun gabe egin nahi den proiektua, eta inposaketaraino eramaten ari direna. Horren adibide garbia da Osiñagan egin nahi den subestazio elektrikoa. Ingurunean sekulako eragina izango du: 10 hektarea okupatzen ditu, eta herritarren osasunean eragin larriak izango ditu, Hernaniko beste instalazio batzuk bezala (papelera, kimika...)».
«Derrigorrezko desjabetzeak 2010eko urriaren 26an agindu ziren. Ebidentziak daude, esaten dutenak irregulartasunak egin direla desjabetza horietan: lursailen mugaketan, titulartasunetan, inpaktuan... Ez dago aurreikuspenik iturburu eta akuiferoetan nola eragingo duen esaten duenik. Horregatik guztiagatik:
»1-Udal honek ez esaten dio AHTri, eta subestazio elektrikoari.
»2-Herrien eta herritarren parte hartzea ziurtatu arte, paralizatzeko eskatzen da.
»3-Bai esaten zaio herritarrek duten parte hartzeko eskubideari, informazioa eskuratzeko eskubideari, eztabaida publikoari...
»4-Udalak daukan informazio guztia herritarrei helaraziko die.
»5-Irregulartasunen aurrean, Udalak bere esku dauden neurriak hartuko ditu.
»6-`AHT gelditu` ikurra jarriko du balkoian».
Ereñotzuarrek erabakiko dituzte Auzo Batzarreko ordezkariak
Onartua.
Alde: Gobernu Taldea, EB, EAJ, H1!.
Abstentzioa: PSE-EE, PP.
Ereñotzuko Auzo Udalari buruzko mozio bat ere onartu zuen Plenoak. Horregatik, datozen hauteskundeetan, Auzo Batzarreko ordezkariak zein izango diren Ereñotzuko auzotarrek erabakiko dute, eta ez Hernaniko Udaleko alderdiek, araudiak dioen bezala.
Ereñotzuko ordezkariek hutsune batzuk nabarmendu dituzte hauteskundeetako araudian, eta hori aldatzea proposatu diote Hernaniko Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Arazoa honakoa da: auzotarrek ez dute zuzenean aukeratzen
batzarkidea zein izango den, baizik eta izendapena alderdi politikoek egiten dute, eta hauteskundeetarako federazio, koalizio edota elkarteek. Eta aukeraketa hori egiteko ez dira kontuan hartzen Ereñotzuko auzo-alkatea aukeratzeko emaitzak, baizik eta Hernaniko Udaleko zinegotziak aukeratzekoak.
Horregatik, Ereñotzuko ordezkariek bi eskaera egin dituzte, eta hala onartu du Udalak.
1-Gipuzkoako Batzar Nagusiei eskatuko zaie, hauteskundeetako araudi hori aldatzeko.
2-Bitarte horretan, Hernaniko alderdi politikoek hitza eman dute, Ereñotzuko auzotarrek egindako zerrenda errespetatuko dutela.
Martxoak 8. Adierazpena
Onartua.
Aho batez.
Krisi egoerak langabezi haundia eragin du, eta bereziki emakumeek jasan dituzten ondorio latzenak, ostegunean Plenoak onartu zuen adierazpen instituzionalak dioenez. «Horregatik, beharrezko ikusten dugu, aurreikustea, emakumeak baztertu ditzakeen edozein genero norabide. Jakinarazi nahi dugu, arriskua dagoela orain arte superatu nahi izan dugun eredu patriarkala eta sexista berpizteko. Hausnarketa sakon bat behar dugu, eragile sozialek krisi egoeran proposatuko dituzten neurriak ondo aztertzeko».
«Horregatik, adierazten dugu: beharrezkoa dela eskubide guztiak bermatzea, orain arteko desberdintasuna gehiago ez haunditzeko. Eta konpromisoa hartzen dugu, berdintasunaren aldeko politikak indartzeko, eta krisi egoerak jarri digun erronkari heldu nahi diogu, eredu berdinagoetara bidea egiteko. Herritar guztiak gonbidatzen ditugu Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan egingo diren ekintzetan parte hartzera».
35. urteurrena: Saharako Errepublika Arabea aldarrikatu zela
Onartua.
Aho batez.
Hona hemen, laburpen bat, Udalak onartutako mozioarena:
«Hernaniko Udalak berretsi egin nahi du askatasunaren eta autodeterminazioaren alde duen borrokaren aldeko konpromisioa».
«Lurralde hori oraindik ere konpondu gabe dagoen kolonizazio prozesu baten menpe dago. Hernaniko Udalak zoriondu egin nahi du Polisario Frontea, irtenbide zuzen, baketsu, demokratiko eta egonkor batera aurrera jotzeko duen konpromisioagatik. Negoziazio prozesu horri esker, itxaropena mantendu da, egonkortasun politikoa lortzeko, eta ongizate maila handiagoa lortzeko».
«Hernaniko Udalak eskatu nahi die eta adierazpen hau bidaltzen die, gatazka honetan parte diren alde guztiei: eskura dituzten baliabide demokratiko guztietaz baliatuz, Marokoko Gobernuari behar adina presio egiteko, 1754 eta 1783 ebazpenek ezartzen dituzten negoziazio prozesuetan parte hartu dezan. Gatazka honetan partea dutenak hauek dira: Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilua (bereziki Ban Kimoon idazkari nagusia), Mendebaldeko Sahararako Ordezkari Pertsonala den Christopher Ross, eta Europako Batasuna».
«Espainiako Gobernuari eskatzen zaio, erantzukizun
historikoak eta juridikoak dituenez gero, lan eraginkorragoa
egiteko, gatazkari irtenbide azkarra, bidezkoa eta iraunkorra emateko».
«Marokok behin eta berriz urratzen ditu okupatutako lurretako sahararren eskubideak, eta Hernaniko Udalak salatu egin nahi du hori. Preso politikoak eta gerra-presoak berehala askatzeko eskatzen du, eta desagertuta dauden pertsonak non daude argitzea ere bai».
«Hernaniko Udalak eskatzen die ACNUR eta PAM erakundeei, ahalegin guztiak egiteko Tindoufeko kanpamenduetan bizi baldintza duinak bermatzeko».
Rumbo a Gaza: 200 pertsona eta 2.000 tona
laguntza Gazara
Onartua.
Aho batez.
Rumbo a Gaza nazioarteko kanpaina bat da, Palestinara, Gazara, laguntza bidali, Israelgo blokeoaren aurka egin, eta eskubideak urratzen ari direla salatzeko. Hernaniko Udalak kanpaina horrekin bat egin zuen ostegunean, eta honako erabakiak hartu zituen:
«Gazako blokeoa gaitzestea eta berehala eta betiko deuseztatzeko eskatzea. 25 zaku zementu erostea, Israelek deuseztutako eskola, unibertsitate eta haurtzaindegiak egiteko. Rumbo a Gazari laguntzeko 5 itsas miliatarako bonoa erostea. Koaderno bat, lapitz bat eta euro bat kanpainarekin bat egitea. Hernaniko Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatuko dio adierazpen hau Isralgo agintariei jakinarazteko Espainiako Gobernuaren bitartez, giza eskubideak urra ez ditzaten eta flotaren segurtasuna berma dezaten».
Erretiro adina 67 urte: Kontrako mozioa
Onartua.
Alde: Gobernu Taldea, EB, H1!
Kontra: PSE-EE.
Abstentzioa: PP-EAJ.
Plenoak hiru erabaki hauek hartu zituen Espainiako
pentsio-sistema aldaketaren aurrean: «Erretiroa hartzeko adina 67 urtera luzatzearen kontra dago Hernaniko Udala, eta pentsio-sistemaren gainerako aldeketa erregresiboen kontra ere bai. Desadostasun horren berri emango die
Talde Parlamentarioei, eragile sozialei eta Gobernuari. Eta azkenik, Hernaniko Udalak babestu egingo ditu erretiro adina luzatzeko proposamenaren kontra deitzen diren
mobilizazioak».