«Herritarrengandik gertuen dagoen Administrazioa izanda, oso garrantzitsua da guretzat Udalean ordezkaritza izatea eta Udaletik eragitea, ezkertiarron eta abertzaleon herri-proiektua eraikitzeko Udala tresna garrantzitsua baita, herri mugimendua bezalaxe. Hori horrela, orain arteko agintaldiaren balantzea egiten ari gara eta ondoren, datozen lau urteetarako Herri Programa definituko dugu», jakitera eman zuen atzo prentsaurrean, Hernaniko Ezker Abertzaleak.
Herri Programa zehaztu aurretik, arloz arlo, herriko diagnostikoa osatzen ari direla jakinarazi zuen: «Diagnostikoa osatzeko, herriko eragileekin elkartu gara, arlo jakinekin lotura duten norbanakoekin eta interesa zutenekin lantaldeak sortu ditugu». Eta horrez gain, inkestak sortu dituzte eta egunotan denon esku jarriko dituzte, iritzia eman eta ekarpenak egiteko. Inkesta interneten dago hernanikoezkerabertzalea.wordpress.com helbidean edo Garin, Riojanos eta Txili tabernetan, gaztetxean eta LABen egoitzan. Auzoetan ere bete ahal izango dira, auzoz auzo mahaiak jarriko baitituzte. Horrekin, herriko egoeraren erradiografia osatzeko asmoa dute. Diagnostiko hori Ezker Abertzalearen blogean egongo da eta aldizkari bat ere banatuko dute etxez etxe.
Diagnostikoa osatuta,
Herri Programa zehaztu
Behin diagnostikoa osatuta, datozen lau urteotako Herri Programa zehaztuko du Ezker Abertzaleak. «Horretarako, arlokako lantaldeak martxan daude eta martxoaren 19an, larunbata, mintegi irekia egingo dugu, Herri Programaren inguruan hausnartzeko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko. Gonbidatuta zaudete, denon artean erabaki nahi baititugu datozen urteetako zereginak eta lehentasunak».
«Denontzako Herri Programa»
Euskal Herrian irekitzen ari den prozesu demokratikoa dastatuko duen Herri Programa dela aurreratu zuten; denontzako izango dena: «haize freskoa arnastuko duen eta Udal mailan ere aldaketa politiko eta soziala ekarriko duen Herri Programa; euskeraz mintzatuko den Herri Programa; emakumeen ahotsarekin osatutako Herri Programa; ingurumena babestuko duen Herri Programa; nagusiekin eseriko den eta gazteneenen musika entzungo duen Herri Programa. Beraientzat, berarentzat, zuretzat, guretzat, denontzat izango da Herri Programa».
Bestalde, eskerrak eman zizkieten diagnostikoaren eta Herri Programaren lanketan ari diren guztiei.