Bikain Ziurtagiria lortzeko bidea
Egitasmoa bultzatu duten Udalek jakinarazi dutenez, egitasmoarekin helburu instrumental batez baliatzea erabaki dute oraingoan: «Eusko Jaurlaritzak, hau da, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) ematen duen Bikain Ziurtagirietako bat lortzeko bidean jarriko ditugu enpresak, eta ibilbide horretan diruz lagunduko ditugu». Baietz gurean! egitasmoan parte hartzea erabakitzen duten enpresei azterketa bat egingo die enpresa aholkulariak enpresa horren egoera linguistikoa zein den jakiteko. Horretarako, HPSk Lanhitz programaren barruan definituta duen Erreferentzia Marko Estandarra (EME) erabiliko du. 0-1000 puntuko tartean neurtuko da egoera. Enpresa aholkulariak txostena egingo du zehaztuz neurketaren emaitza eta enpresa horrek hurbilen duen Bikain Ziurtagirirako bidean egin beharrekoak. Bide horretan, 100 puntuko salto bakoitzeko jasoko dute diru saria Udalaren eskutik. Hasierako puntuak gehiago sarituko dira: 0-500 tartean 700 euro salto bakoitzeko, 501-800 artean 500 euro, eta 801-1000 artean 300 euro. Enpresak parte hartzea erabakitzen duenean, urte beteko hitzarmena sinatuko du Udalarekin, luzatzeko aukerarekin, eta hitzarmen horretan jasoko da, besteak beste, Udalak enpresari emango dion diru-laguntza. Bikain Ziurtagiriari dagokionean, hiru dira: Beltza, 200-399 puntu artean lortzen da eta 1.000 euroko saria du; Zilarrezkoa 400-699 puntu artean lortzen da eta 3.000 euroko saria du; eta Urrezkoa 700-1000 puntu artean lortzen da eta 5.000 euroko saria du.
12 enpresarekin harremanetan
Buruntzaldeko Udalek egitasmoa martxan jartzeko, 12 enpresa aukeratu dituzte, herri bakoitzeko bi, eta horiekin harremanetan daude. Aukeratu aurretik honako lana egin zuten: Buruntzaldean dauden 10 langiletik gorako 390 enpresei inkesta pasa zieten euskararen inguruko beharrak eta nahiak ezagutzeko. Horietatik 170ek erantzun zuten eta 52 enpresak azaldu zuten euskara normalizatzeko prestutasuna. Zenbait irizpide kontuan hartuta, hasteko, 12 dira jo puntuan dituzten enpresak.
Heziketa Zikloan ere, euskararen aldeko pausoak
Lan munduan euskararen erabilera normalizatzeko, Baietz gurean! egitasmoa da Buruntzaldeko 6 Udalek esku artean duten egitasmo nagusia. Dena dela, ez da bakarra. Heziketa Zikloari begira ere ari dira lanean. Euskaraz ikasten dutenek (D eredua) enpresetan praktikak euskaraz egin nahi izatea eta egiteko aukera izatea ziurtatu nahi dute. Hori horrela, bi zentzutan ari dira lanean: alde batetik, ikasleak motibatzeko hitzaldiak ematen ari dira Buruntzaldeko ikastetxeetan euskarak lan munduan duen garrantzia eta lekua azaltzeko. Bestetik, praktikak egingo dituzten enpresa horiekin lanean ari dira instruktorea euskalduna izan dadin, ikasleak laneko harremanak euskaraz izan ditzan, dokumentuak bi hizkuntzatan egon daitezen...