Abiadura Haundiko Trena dela eta, derrigorrezko espropiazioak aurrera eramateko eguna zen atzo. Hain zuzen, espropiazio aktak sinatzeko asmoz Espainiako Gobernuko Fomentoko idazkariak Hernanin izan ziren, baina Udaletxe aurrean eta barruan izandako protesten ondorioz, ezin izan zituzten sinatu. Udaletxea itxi egin zuten goizeko 07:30ak aldean bertan sartutako 50 bat lagunek. Udaletxe kanpoan 08:15 aldean hasi zen jendea biltzen eta 08:40etarako 100 bat herritar zeuden, AHTaren aurkako lemak oihukatuz. 20tik gora Ertzaina eta bost furgoneta ere baziren, gutxienez, ordu horretan. Fomentoko idazkariak 15 minutu beranduago iritsi ziren eta AHTrik ez, Teneis el corazón lleno de hormigón eta bestelako lemekin hartu zituzten Udaletxe aurrean bildutakoek. Bost minutuz Udaletxeko atea ireki zain egon ostean, oharra utzi zuten ate ondoko tabloian, espropiazioak atzeratu egiten direla jakinaraziz. Eguna ez da zehazten oharrean. Protestak, zenbait ikastetxetan ere izan ziren eta Langile Ikastolako Mugimendu Abertzaleak kontzentrazioa, bideo emanaldia eta txarla antolatu zituen.
AHTaren aurkako mozioa onartu zuen Plenoak, atzo
Plenoa izan zen atzo eta besteak beste, Abiadura Haundiko Trena eta Hernani izeneko mozioa onartu zen Gobernu Taldearen eta EBren botuekin; gainontzekoek kontra bozkatu zuten. Mozioak 7 puntu biltzen ditu. Besteren artean: 1) Udal honek Abiadura Haundiko Trenari ez esaten dio, ez esaten dion bezala bere eskutik datorren subestazio elektrikoari; 2) Herriek eta herritarrek parte hartzeko duten eskubidea bermatu arte, proiektuaren paralizazioa eskatzen du; 3) Herritarrek eztabaida honetan parte hartzeko duten eskubideari bai esaten dio, eta horixe eskatzen du; 4) Udal eskuetan duen edo lortuko duen informazio guztia herritarrei helaraziko die; 5) Tramitazioan ematen ari diren eta eman daitezkeen irregulartasunen aurrean Udalak bere esku dauden neurriak hartuko ditu; 6) AHT gelditu ikurra jarriko du; 7) Mozioa bideratuko die komunikabideei.