Beste behin ere hernaniarrek ez diote huts egin Mendiriz Mendi Elkarteak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Hernaniko Udalak urtero antolatzen duten Hernani ezagutuz ibilbide gidatuari. Hernaniko ibilbide-sarearen barruan osatzen ari diren ibilbideak herritarrei ezagutzera eman nahian, urtero bide berri bat aurkezten zaie ekitaldira gerturatzen diren mendizaleei.
Aurtengoan Hernaniko Urruzuno bailara ezezagunean barrena ibili dira Hernaniko natura, kultura eta historia ondarea ezagutuz. Txuso Gomez historialariaren eta Iñaki Sanz-Azkue biologoaren azalpenez lagunduta egin zuten ibilbidea igandean. Pago mugarratu, baso misto, zilegien mugarri, ikazkinen txondor eta beste hainbat gune interesgarrietatik pasa ziren.
Urtarrilean gaztetxoen ibilbidea egin zuten eta 100dik gora neska-mutilek hartu zuten parte.
Gustora arrakastarekin
Mendiriz Mendi eta Aranzadi Zientzia Elkarteko antolatzaileak oso gustora agertu dira Hernani ezagutuz egitasmoa izaten ari den arrakastarekin eta eskerrak eman nahi dizkiete ibilbidera joan ziren herritar guztiei. Era berean, adierazi dute, jendearen erantzunak garbi utzi duela beste behin ere herritarrek Hernaniko inguruko ondarea ezagutzeko duten gogoa eta espero dute aurtengo ekitaldia azken bultzada izatea Hernaniko ibilbide-sarea guztiz osatu eta publiko egiteko, «herritar askoren eskakizunei erantzunez».