Inauteriak datorren astean izango dira eta giroa berotzen hasteko, Iñude eta Artzaien konpartsa eta Musika Bandaren kontzertua izango dira igandean.
Urtero bezala, Urumea ikastolak antolatu du Iñude eta Artzaien konpartsa eta ikastolatik bertatik abiatuko da 12:00etan.
170 neska-mutil
Kaxkoko zenbait kale pasa ondoren, Plazan antzeztuko dute ekitaldi nagusia (eguraldi txarrarekin, Atsegindegin). Bertan, Iñudeek daramatzaten haurrei txertoak eman, Udaletxeko agintarien aurrean aurkeztu eta beraien izenak erregistroan idatziko dituzte. Azken arin-arina dantzatu ondoren, ikastolara itzuliko dira. Konpartsan 170 neska-mutilek hartuko dute parte. Horietatik dantzariak 44 izango dira eta 57 musikariak.
Ekitaldia bukatzean, Hernaniko Musika Bandak Inauterietako kontzertua eskainiko du. Udaletxeko Arkupetan izango da 13:15etan.