Pello Gonzalezek, Ogasun eta Finantza diputatuak eta Gipuzkoako diputatu nagusirako Hamaikabaten hautagaiak, hitzaldia emango du gaur, 19:00etan Biterin. Hamaikabat alderdiak azaldu duenez, iruzur fiskalaren aurkako borrokan Gipuzkoako Ogasunak azken lau urteotan egindako zero tolerantziako politikaren berri emango du Gonzalezek, berak dioen bezala, «iruzurra egiten dutenei aurre egitea bere betebeharrak betetzen dituzten herritarrekin zuzentasunez jokatzea baita».
Horrez gain, krisi ekonomikoa eta honek Gipuzkoan duen eragina aztertu, eta eragin hori gutxitzeko dauden baliabideen berri emango du. Hitzaldiaren ondoren, solasaldia izango da. Hernaniko Hamaikabatek antolatu du jardunaldia eta hernaniar guztiak gonbidatzen ditu parte hartzera.