Aste honetako euriteek eraginda, Urumea ibaiak gainezka egin zuen atzo, Hernanin. Eta beste behin ere, Landare errugbi zelaia eta Karabeletik Portura bideko lurrak eta baratzak urak erabat hartuta geratu ziren. Añarbeko datuen arabera, goizeko 08:00etan Ereñotzun, Urumeak 2,04m-ko altuera zuen, uholde mailaren gainetik (1,80m), eta emaria 139,2m3/s-koa zen.
Hernani ez zen izan euriteen ondorioz uholdeak jasan zituen herri bakarra eta Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako zerbitzuek arreta berezia jarri zuten atzo, ibaietan.
Arratsalde partetik aurrera eguraldiak hobera egin zuen. Euri-jasak bukatu eta atertzeko joera nagusitu zen, uholde arriskua gutxituz. Gaur, ateri egoteaz gain, giro eguzkitsua izatea aurreikusten da eta larunbatera arte eguraldi ona iragarri du Euskalmetek.
4.283.127 m3 gorde ditu Añarbeko presak
Añarbeko Urak S.A. enpresak atzo jakinarazi zuenez, Añarbeko presak 4.283.127m3 ur gorde ditu astelehenetik eta Urumea ibaira iristea saihestu du. Oraindik, urtegia ez dago erabat betea, 589.318m3 ur gehiago sartzeko aukera zegoen atzo, 08:00etan. Denera, 36.690.308m3 ur zegoen urtegian, hau da, bere edukieraren %98,42a.
198,2 l/m2 astelehenetik
atzora bitarte
Añarbeko presako plubiometroak, metro karratuko 198,2 litro bildu ditu astelehenetik atzo goizeko 08:00ak bitarte, hau da, otsaileko mediaren %119a baino gehiago bildu du. Astelehenean 43,8 l/m2 bildu ziren, asteartean 92,8 l/m2 eta atzo, 00:00etatik 08:00etara, 61,6 l/m2.