Hernaniko maila ezberdinetako atletek txapelketa eta lasterketa faltarik ez dute izan asteburu honetan eta parte hartzeaz gain, emaitza onak lortu dituzte. Esaterako, Jon Murua azkarrena izan da Euskadiko Txapelketako 600 metroko frogan, kadete mailan. Gainera marka dotorea egin zuen: 1’33 minutu eta Espainiako minimatik 2 segundora geratu zen.
Euskadiko Txapelketan kadete, jubenil eta beteranoek hartu zuten parte eta Tomax Elorza jubenila ere txukun aritu zen 800 metroko frogan. Azpitxapeldun geratu zen 2’03ko marka eginda, Espainiako Txapelketarako minimatik oso gertu.
Urrea, zilarra... eta brontzea ere iritsi da Hernanira. Julen Iruretagoienak lortu zuen altuera jauzian 1,60 metroko jauzia eginda (bere marka pertsonala: 1,65 m).
Olaia Auzmendi jubenilak ere parte hartu zuen Euskadiko Txapelketan, 200 m eta pisuko jaurtiketan, eta azken froga horretan bere marka nabarmen hobetu zuen.
Maitane Iruretagoiena,
laugarren
Maitane Iruretagoienak Espainiako Txapelketan hartu du parte asteburuan eta laugarren postua lortu du 200 metroko frogan, absoluto mailan. Semifinaletan 24.41eko denbora egin zuen (marka pertsonala eta orduko Gipuzkoako errekor berria absoluto mailan), baina finalean ezin izan zuen denbora hobetu eta laugarren geratu zen 24.65eko denborarekin.
Roman txapeldun eta Gallego hirugarren
Joan den igandean San Hilario Lasterketa jokatu zen Miramonen eta bertan Sergio Romanek lehenengo postua lortu zuen. Eduardo Gallego hirugarren izan zen eta Ibai Alba seigarren.
Sagar Lasterra, larunbatean
Larunbatean Sagar Lasterra izango da Hernanin eta izen ematea zabalik dago. Interneten eman daiteke www.herrikrosa.net helbidean edo honako tokietan: Donostian, Laister Kirolak eta Apalategi Kirolak; Hernanin, Axeri Kirolak eta Mitxel Kirolak; eta lasterketa egunean, Hernaniko Udal Kiroldegian.