«ANITZA hitza erabiltzen dugu sei hilabete hauetako programazioa aurkezterako orduan. Ez ditugu nahi adina musika estilo edo talde jorratuko, baina aukera zabala izango da. Folk-a eta beste hainbat estilo ekarri genituen azkeneko edizioan, eta oraingo honetan ere denetatik izango da: txistua, txalaparta, akordeoia, Musika Bandaren emanaldiak...» hala azaldu zuen ostegunean Hernani´n Musik egitasmo berria Joxan Goikoetxeak, Musika Eskolako zuzendariak.
Aurreko edizoak arrakasta haundia izan zuela gaineratu zuen Idurre Lukas Kultura zinegotziak, eta horregatik bigarren fasea egitea erabaki dutela: «Hernanin oso ohituta gaude kaleko musika entzutera, baina kasu honetan barrukoari eman nahi izan diogu garrantzia, areto barruan eskaintzen diren emanaldiei. Proposamen anintz eta osatuekin gatoz, eta kontzertu haundiak emango dituzten artistez gain, edizio honetan ere izango dute lekua herriko talde ezberdinek. Bigarren fase honetan, ekainera bitarte dagoen programazio guztia jasotzea izan da helburua».
Sei ekitaldi nagusi, eta beste hainbat agendan
Hernani´n Musik ekimen berriak sei ekitaldi nagusi izango ditu: Bernardo Atxaga eta Jabier Muguruzaren poesia musikatua; Garikoitz Mendizabal eta Xabier Zabalaren txistua sentimenduekin bat eginda; Hernasax saxofoijole eta gonbidatuen urteko kontzertua; Akordeoi Topaketaren VIIIgarren edizioa Hernanin; Hernaniko Musika Bandaren 150. urteurreneko kontzertuak; eta Musika Eskolak antolatzen duen 25garren Txalaparta festa.
Atxaga eta Muguruza, poesia eta musika
Ostiralean elkarrekin ariko dira, poesia eta musika munduko erreferentzia diren bi artista, Atxaga eta Muguruza, Biterin. Bernardo Atxagak bere poesia eta bizitzako hainbat pasarte kontatuko ditu, eta Jabier Muguruzak musika jarriko dio poesiari, «akaso abestera ere animatuko naiz», gaineratu zuen prentsaurrekoan.
Atxagak emanaldi hau Hernanin egin nahi zuela azaldu du behin baino gehiagotan, eta Muguruza gustura zegoen proposamenarekin: «orain arte justu kontrakoan aritu naiz lanean, eta Atxagak gastronomia eta paradisua landuko genituela esan zidanean, zuzenean eman nion baiezkoa».
Emanaldia 20:00etan izango da Biterin, eta sarrerak astelehenean jarriko dituzte salgai, Biterin baita ere.