Euskal rap taldeak, kontzertuak eta DJak, gaur Tilosetan Infozazpiren eskutik

Kronika - Erredakzioa 2011ko ots. 19a, 01:00

Infozazpi Irratiak 2006ko urtarrilean eman zuen bere lehenengo emisioa. Aurten be­raz, bost urte bete ditu. Hori dela eta, urteurrena ospatzeko, ekintza ugari an­to­latu ditu azken hilabeteotan. Eta ekitaldi nagusia gaur izango da Hernanin: Musika Jaialdia, hain zuzen ere.
Infozazpitik azaldu dutenez, musika komertzialetik kanpo eta bertako ekoizpenari bultzada emateko asmoz antolatu dute Musika Jaialdia eta bertan, tarte berezia eskaini nahi izan diote euskal rap-ari. «Azken urteetan Euskal He­rrian indarra hartzen ari den musika estiloa izan arren, irrati eta sare ofizialetik kanpo mantentzen da, besteak beste, kritika soziala eta politikoa oinarri duen musika estiloa baita. Eta bertako musika herrikoi eta kalekoari oihartzuna emateko as­moz, Euskal Rap Taldeen Topaketa antolatu dugu», diote. Euskal He­rriko herrialde bakoitzetik talde bana gerturatuko da gaur­koan: La­pur­ditik MAK, Bizkaiatik Nor­te Apache, Ara­batik Inda­rrap, Nafarroatik Goienetxe Anaiak eta Gipuzkoatik %100 Gourmet.
Rap doinuek lagunduta, gra­ffitilariak ere ariko dira inguruari kolorea jartzen eta tarteka Zaparrada Batukadak danbor hotsekin dantzarako gonbitea egingo du. Hori dena arratsaldeko 19:30etatik aurrera izango da Tilosetan, dohainik.

Hiru kontzertu, gauean
Rap-ak protagonismoa izango duen arren, bestelako doinuei ere egingo diete tartea jaialdi­an. Esaterako, dantzarako gi­roa jarriko dute The Sparteens eta Afu taldeek; Siroka taldeak itxiko du kon­tzertuen atala rock doinuekin.   
Baina hori ez da dena izango. Kontzertuen ostean, Dis­ko Jartzaileen txanda izango da. In­fozazpi Irratian kolaboratzen du­ten bi DJk emango diote amaie­ra musika jaialdiari: Da­ddy Jeff-ek eta Sound Sisterrek, hain zuzen.

Tarte berezia musikak, Infozazpin

Infozazpitik azaldutakoaren ara­­­bera, «irratia informazioan bereizitako irratia bada ere, tarte berezia du musikak, eta bereziki euskal musikak». Eta hori ikusi daiteke gaurko jaialdian eta irratiko programazioan. Bost urteko ibilbide ho­netan musika espezializatuan oinarritutako saioak nagusi izan dira gaueko 22:00etatik 00:00etako tartean. Astelehene­ro munduko musikak Hegoal­de­ko Ostatuan (Andoni Tolo­sa) eta funky eta soul doinuak Life is Just a Mo­ment saioan (Esther Gonzalez). As­tear­te­ro 60-70 hamarkadako musika Go­za­kaizten (Akui) eta musika beltza eta elektronikoa Revolu­tionary Grooves saioan (Daddy Jeff). Asteazkenero rock doinuak Bailara Ezkutuan (Rafa Cabeza) eta punk oi musika Kaleko Mobidan (Ekaitz Etxe­za­rreta). Ostegunero musika bel­tza eta elektronikoa Sound System saioan (Aritz Usandi­za­ga) eta heavy metal doinuak Burdino­lan eta musika alternatiboa Harrobian (Inaxio Esnaola).

MUSIKA JAIALDIA TILOSETAN:

19:30 Hasiera - EUSKAL RAP TALDEEN TOPAKETA:
-Mak (Lapurdi)
-Norte Apache (Bizkaia)
-Indarrap (Araba)
-Goienetxe anaiak (Nafarroa)
-100% Gourmet (Gipuzkoa)

TARTEAN, Graffitilariak
eta Zaparrada Batukada

23:00 ROCK KONTZERTUAK
-Afu
-The Sparteens
-Siroka

Ondoren - DJak
-Daddy Jeff (Selektah)
-Sound Sister

Euskal Rap
Taldeen Topaketa

Lapurditik, MAK taldea:
Musika Armatu Komando edo MAK-eko kideek (Mikrofon Addikt Klan ohia) batez ere euskeraz kantatzen dute. Zi­bu­­ru inguruko bost lagunez osatutako talde honek, zazpi urte daramazki hip-hop musika Euskal Herrian ezaguta­raz­ten, baina atzerrian ere aritutakoa da. Ibilbide luzea du taldeak. Orain ar­te kaleratutako diskoak: Suari Darion Kea (2005), Suaren Garai, Errauts Errekai (2007), Hauts eta Errauts Erremix (2008), Kanal Akustik (2010). http://www.myspace.com/makhiphop

Bizkaiatik, Norte Apache:
Gaizkak eta Raycok sortu zuten taldea 2007 urtean. Ordurarte bakoitza bere kabuz ibili zen euskerazko rap musika egiten, euren indarrak batu zituzten arte. 2009an Gaizkak taldea utzi eta bi lagun berri batu ziren: Aitor (DJ) eta Ibon (MC). Bi urte pasata, 70 kontzertu baino gehiago eman dituzte eta zuzeneko indar­tsuak eskaintzen dituzte gaur egun. Hamaika txokotara heldu da talde bizkaitar hau; Madril eta Parisera, besteak beste. Esperientzia horren ondorioz sortu zuten zuzeneko diskoa 2010ean, Hesiaren beste aldean. Gaur egun disko berria prestatzen ari dira. http://norteapache.blog­spot.com/

Arabatik, Indarrap:
Euskal Herrian indartzen ari den hip-hop mugimenduko talde sendoenetakoa da Indarrap (EH3 kolektiboaren partaide). 2007 urtean Gasteizen jaioa, etengabe aritu dira zuzenekoak ematen eta grabazioak kalera­tzen. Sin Perder el norte (2010) izeneko diskoa dute kalean. Edukiei dagokienez, rap komertzialaren topikoei uko eginez, konpromisoaren bidetik doaz, iraultzarako eta borrokarako deia eginez.
http://www.myspace.com/indarrap

Nafarroatik, Goienetxe Anaiak:
Ez dira anaiak eta ez dute erromeriarik egiten. Euskal musikaren mapan raparen hutsunea betetzeko nahiarekin jarri ziren martxan 2009ko irailean, eta noizbait rap eszena bat osa­tzeko asmoarekin orain dauden eta sor daitezkeen rap taldeekin
ba­te­­ra. Dj Biguria, Mr Fru eta ZKH kideek osatzen dute Ultzamako rap talde hau. Euskara hutsean egiten dituzte abestiak eta Heriotz artio izeneko maketa dute kalean.
http://goienetxeanaiak.com/

Gipuzkoatik, %100 Gourmet:
Talde honen izena hip hopa oinarri duen Donostiako grabazio estudio ez profesional batetik dator; hamaika musikarik jarri zuten martxan elkarlanean eta hainbat lan grabatu dituzte bertan. Orokorrean, hamar lagun bil­tzen dira duela bost urtetik hona. Zuzenekoetan ez dira beti kide berdinak aritzen, tartekatuz joaten dira. 10 kantuz osatutako bi bolumen dituzte kalean: %100 Gourmet Bolumen I eta II.http://100×100gourmetrecords.blogspot.com/p/home.html

Kontzertuak

The Sparteens:
60ko hamarkadako ye-ye eta twist giroetara moldatu dituzte La Polla Records, Nirvana, Su Ta Gar, Kortatu eta beste hainbat talderen kantu ezagunak. Ez da dantza bizian gerriak mugitzeko aukera faltarik izango The Sparteeens-ekin eta twist lehiaketa ere egiten dute zuzenekoetan. Bederatzi single dituzte kalean hendaiarrek eta horiek biltzen dituen bilduma Grandes Exitos del Ayer (2008). Araba Euskaraz 2011rako `Bagare` kantuaren bertsio bat prestatzen ari direla aurreratu dute. http://www.thesparteens.com/

Afu:
Barañaingo gaztetxean sortu zen taldea duela 3 urte. Zortzi lagunek osatzen du­te: Oihana ahotsean, Mikel eta Endika gitarran, Iosu bajoan, Ibai kongetan, Imanol kaxoiarekin, Julen saxoarekin eta Ion tronpetarekin. Soñadores Natos eta Raperos de Emaus reggae eta hip hop taldeak ohiko kolaboratzaile dituzte. 2010eko apirilean kaleratu zuten diskoa, Aprendamos a desaprender. Iruñeko K estudioetan grabatu zuten euren kabuz. Hainbat musika estilo nahasten dituzte: reggae, ska, musika afrikarra eta flamenkoa, besteak beste. Gazteleraz eta euskaraz abesten dute. http://www.myspace.com/radioafu

Siroka:
2009ko udan sortutako taldea. Bi abesti sortzeko asmoarekin elkartu ziren zenbait lagun eta egindakoarekin gustora, Siroka sortu zen. Taldekideak, Maria (ahotsa), Gaizka (baxua), Gorka (bateria) eta Ekaitz (gitarra) dira eta denak bestelako musika taldeetatik datoz, besteak beste, Apurka, Izate Faltsua, Feos Pero Majos edota Kloratita. Taldekideek musika estilo oso desberdinak jorratu dituzte beraien musika ibilbidean, baina proiektu berri honetan rock-a da oinarria. Euskal Herria oinarri hartuta, bidegabekerien salaketa eta sistemaren aldaketarako grina da nagusi letretan. Haize berriak (2009) diskoa dute kalean. http://sirokataldea.blogspot.com/

Disko Jartzaileak
Daddy Jeff (selektah):
Ibilbide luzea duen musika jartzailea da. 1979 urtean hasi zen musika jar­tzen Londresen. Jet Star Records-entzat egin zuen lan 1980an Parisen eta 1984-85 urteetan Rastafari Cultural Soundsen aritu zen. 1986-1989 urteetan Ceddo-Bi-rekin parte hartu zuen sound system bezala Burdeosen, baita DJ Akademy-rekin 1990-93 urteetan. 1994-2002 urteetan geldialdi bat egin ostean, 2003an ekin zion berriro DJ Akademy-rekin Akitania erregioan. Selektah Kolektiboan ere parte hartu zuen. Musika saioak egin izan ditu hainbat irratietan, besteak beste, AEBetako Soma FM irratian. Egun, Infozazpi Irratian Revolutionary Grooves saioa egiten du asteartetan 23:00tatik 00:00tara. http://www.myspace.com/djakademydaddyjeff

Sound Sister:
Zumaiako Ihintza tabernan hasi zen Esther Martinez musika jartzen; Salda Mr. Dubbin izan zuen irakasle. Hernaniko Molotoff irratian reggae saio bat ere egin izan du Hanni Insaustirekin batera. Garai hartan Aritz Usandizagaren eragina ere izan zuen. Ondorioz, musika ekipoa erosi eta bere kabuz hainbat musika saio egiten hasi zen. Gaur egun ekitaldi eta ospakizun ugaritan parte hartzen du. Infozazpi Irratian Life is just a moment saioa egiten du hamabostean behin astelehenetan 23:00etatik 00:00etara.

* Zaparrada Batukada:
Zornotzako Ipurtargi Gazte Asanbla­datik sortu zen taldea, besteak beste, gazteria kritikoa eta aisialdi alternatiboa lantzeko helburuz. 2008ko Santa­natxuko desfilean bildu ziren lehen aldiz. http://www.zaparrada.com/

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!