Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, elkarrizketa liburu bat argitaratu du Euskal Herriak dituen erronka ekonomiko eta sozialen inguruan: Euskal Herriak: Erronka sozio-ekonomikoak. Euskal Herriko lurralde eta jarduera sozio profesional ezberdinetako puntako 13 adituren iritziak bildu dituzte eta bertatik ateratako ondorioei buruzko hitzaldia emango du Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak gaur, 19:30etan Biterin. «Batez ere lau ondorio nagusitan datoz bat gehienak, eta guztiek aipatzen dutena honakoa da: Euskal Herriak oso ezaugarri egokiak ditu eremu ekonomiko eta sozialean aitzindaria izateko. Gizarte prestua dugu, formakuntza maila haundikoa, baliabide finantzarioak ere baditugu, sare industrial indartsu bat...», dio Esnaolak. «Horrez gain, bat datoz hezkuntza alorrean. Mundua aldatzen ari da eta gure hezkuntza, formazio proiektuak ere bai. Eta egokitu beharra ikusten dute ausartagoak izateko, aktibistagoak. Badago dei bat askoren aldetik aktibismorako eta iniziatibarako. Babes sozialaren garrantzia ere azpimarratzen dute. Euskal Herriarentzat gizarte kohesionatu baten aldeko apustua egiten dute. Eta horrekin lotuta, herritarren eta eragileen inplikazioa edo parte hartzea beharrezkoa ikusten dute». Kointzidentziak badauden bezalaxe, desadostasunak ere azaltzen dira beraien artean. «Dibergentzia nagusiak lehentasunetan ikusten dira. Batzuek gauza batzuei ematen diete lehentasuna eta beste batzuek beste batzuei. Baina inork ez du bestearena ukatzen». Kritika orokor bat ere azaltzen dela dio Esnaolak: «Arazoei erantzuteko, Euskal Herrian daukagun eskumen falta azpimarratzen dute. Esate baterako, ikerketa eta garapen alorrean, enpresa jardueren finantziazio alorrean, fiskalitatean...».
Papera eta boligrafoa
hartuta irakurtzekoa
Zer aterako du liburutik irakurleak? Esnaolak dioenez, «Euskal Herriaren beste ikuspegi bat. Hemen ez dago entzutera ohituta gauden diskurtsorik. Kezkak eta zalantzak daude, proposamenak, ideiak, arazoak... Eta ez dago erantzun bakar bat. Bestearen esperientzia ezagutzeko interesa daukanarentzat da. Ez da dogmatikoentzat liburua; liburu heterodoxoa da. Eta oso jende jantzia denez, liburu oso aberatsa da, papera eta boligrafoa hartuta irakurtzekoa. Sorpresak ere aurkituko ditu irakurleak».