Gaur egungo begiekin ikusita, ia ezinezkoa dirudi Urumea bailarako goi aldeak industriarekin lotzea. XIX. mendera arte ordea, industria haundia izan zen bailara horretan. Urruzuno bailara da horren adibide bat. Aldapa latz horietan behera, urak hartzen duen indarra aprobetxatu zuten orduko biztanleek, eta burni-olak, minak edo bestelako fabrikak jarri zituzten.
Etxolaberriko minak eta zentrala, horren adibide. Hernaniarrek aukera dute ezagutzeko, igande honetan, Hernani Ezagutuz ekimenean. Goiz pasa gidatua egingo dute, biologo bat eta historialari bat lagun hartuta: Iñaki Sanz-Azkue eta Txuso Gomez, hain zuzen.
Goizeko 08:30etan abiatuko dira Atsegindegitik, eta 14:00-14:30ak aldera bueltatuko dira. Izenematea zabalik dago bihar arte, Mendiriz Mendi elkartean (943 332 745).
Basoa: ikatza
Industriak, egurra nahi adina zuen bertan, eta beraz, ikatza ere bai. Ikazkinen txondor arrastoak nonahi ikusi litezke Urumea bailarako basoetan: txondor-plazak. Txondor pila haien eraginez, Mendiak sutan izaten ziren garai hartan, eta pago motzak, mugarrotuak edo lepatuak, oraindik ere bizirik daude, Esteizarko pagadian, adibidez (arbola azpi azpitik bota beharrean, enborra utzi, eta 2-3 metroko alturan mozten zen, handik berriz adarrak emateko. Ikazkinen teknika zen hori).
Naturak agindu, industria non jarri
Industria jartzeko lekurik egokienak erreka-zulo horiek izaten ziren, uraren indarra eta egurra bertan zegoelako, eta Urumeako bailarak dira horren adibide nabarmena. Naturak agindutako lekuan egin behar lan, ezinbestean.