«Langabetu gazteei eragingo die gehien murrizketak, ez dutelako beste inolako laguntza posiblerik»

Kronika - Erredakzioa 2011ko ots. 13a, 01:00

Zein da PRODI programak orain arte bete duen fun­tzioa?
Batik bat PRODIak betetzen duen funtzioa da, batzuei ate bat irekitzen diela 6 hilabetetan subsidioa kobratzeko. Edo laguntza bat bukatu zaionari, beste 6 hilabetez kobratzen jarraitzeko, azken laguntza moduan.

Zenbat jenderi eragingo dio?
Hori ezin da jakin zehazki. Ez dakigulako otsailaren 15etik aurrera zenbat jenderi bukatuko zaion paroa, zenbat jendek galdu edo aurkituko duen lana eta abar.

Zein kolektibori eragingo dio gehien murrizketa honek? Eta zergatik?
Langabetu guztiei eragiten die murrizketak. Azken batean, langabe horiek epe luzean egongo badira, subsidioak agortu ondoren ez dute izango aukerarik PRODIa beste sei hilabetean kobratzeko. Hala ere, uste dugu jende gaztearengan duela eraginik handiena. Adibidez, 30 urte baino gutxiagoko langabe batentzat, PRODIa zen eskatu zezakeen laguntza bakarra. Hori kenduta, ez du inongo laguntza jasotzeko eskubiderik. Edo 30 eta 45 urte bitarteko jendea, baldin eta karga familiarrik ez badu, ez du PRODI­az aparteko laguntzarik bere eskura. Beraz, horiek dira gehien eragingo dien kolektiboak. 45 urtetik gorakoek beste laguntza posible batzuk badituzte.

Hernaniko Ongintzan eta oro­korrean zuen lanean iruditzen zaizue nabarituko dela PRODIaren murrizketa? Zer­tan nabarituko da?
Hernaniko Ongintzan eta beste herrietan eragingo duena da jendea sei hilabete lehenago etorriko direla diru-laguntzen bila. Azken laguntza kentzen ba­duzu, zerbitzu sozialak bakarrik gelditzen dira. Jakin behar da, hala eta guztiz ere, PRODIa kobratzen den bitartean ezin dela beste edozein laguntzarekin konpatibilizatu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!