«Azken 30 urteotan, kasik 10.000 euskal herritarrek salatu ditu torturak edo tratu txarrak polizia ezberdinen esku egon ondoren, eta beste hainbat dira torturapean hildakoak. Iaz 64 izan ziren tortura salatu zutenak, eta urtarrilaren lehen egunetan zazpi dira eskuartean ditugun tratu txarren salaketak», hala azaldu du AAMk Kronikara bidalitako prentsa oharrean. Gaineratu du, Euskal Herrian, torturaren praktika ezin dela ezkutatu eta Espainiako Gobernuak tortura eta tratu txarrei bidea emanez jarraitzen duela: «Aro berri bat ari gara eraikitzen, eta giza eskubide guztien bermeaz hitz egiten ari garen honetan, torturarekin amaitzeak garrantzia haundia du».
Otsailak 13,
Torturaren Aurkako Eguna
Gaur Torturaren Aurkako Eguna da, eta ekitaldi ugari antolatu dira Euskal Herri osoan. Hernaniko AAMk horietan parte hartzeko deia egin die herritarrei, eta baita Hernanin antolatutakoetan ere. Hernanin, gaur, arratsaldeko 19:00etan manifestazioa aterako da Plazatik, Stop tortura lemapean. Manifestazioarekin bat egin dute ELA, LAB, Txoko Feminista, Gaste Asanblada, Gazte Indenpendentista eta Ezker Abertzaleak. Eta otsailaren 23an, Nola egin aurre torturari? hitzaldia antolatu dute udaletxean.