426 €-ko laguntzaren bukaera

Kronika - Erredakzioa 2011ko ots. 13a, 01:00

´Zapateroren 426 euroak` deitutako laguntza moztuko dutela duela hilabete batzuk jakin zen. Laguntza hau bideratzen duen egitasmoa, PRODI izenekoa, ez dute gehiago luzatuko. Herritar askori kezka eta nahasmena eragin digu. Zein da kenduko duten laguntza? Zenbat jendek jasotzen du? Hemendik aurrera zer? Hernaniko Ongintzako zentroan egon eta gai honi buruzko informazio pixka bat biltzen saiatu gara.


PRODI (gazteleraz Pro­gra­ma Temporal de Pro­te­cción por Desempleo e Inserción) izena du otsailaren 15ean moztuko duten programa berezi ho­nek. 2009. urtean sortu zuen Espainiako Gobernuak krisi ekonomikoak langileengan zituen eraginak ´goxatzeko`. Orain, bi urte beranduago, programa gehiago ez luza­tzea erabaki dute. Krisia ´biguntzeko` Krisi ekonomikoak lan munduko egoera asko estutzea ekarri du. Bi eragin nagusi aipatu daitezke; batetik, langabezian dagoen pertsona kopurua handitu da. Eta bestetik, langabezian pasatzen den denbora ere luzatu egin da, hau da, lan berria aurki­tzea lehen baino zailagoa da. Honek ekarri duena da, geroz eta jende gehiagori langabezia prestazioak (´paroa`) eta beste laguntzak bukatu egiten zaizkiola, eta diru sarrerarik gabe gelditzen dela. Muturreko egoera horretan, bazterketa sozialerako arriskuan geroz eta herritar gehiago zegoela ikusita, Es­painiako Gobernuak PRODI izeneko programa hau jarri zuen martxan 2009garren urteko abuztuan. Bi funtzio nagusi betetzeko asmoa zuen. Bata, diru-sarrerarik gabe ge­ratu diren langabetuei sei hilabetez ekonomikoki laguntzea. Bigarrena, pertsona horiek berriro laneratzeko formazio programa bat jasotzea. Printzipioz ezohiko neurri bezala pentsatuta zegoen programa hau, krisi egoera epe motzera hobetuko zelako esperantzarekin. Baina lehen sei hilabeteak pasa ondoren, eta krisia oraindik okerrera zihoala ikusita, beste sei hilabetean luzatzea erabaki zuten. Eta gero, beste sei hilabetez, gaur arte. Orain presupuestoek ez dute hainbesterako ematen.


PRODIa bakarrik bukatzen da
Azken hilabeteetan bolo-bolo ibili da erreforma ekonomikoen gaia, batez ere, pen­tsioen erreformarena. Gai nahiko korapilatsuak dira eta askotan elkarren artean nahastera eramaten gaituzte. PRODI programa hau ken­tzeak ez du esan nahi beste laguntza edo prestazio sozial batzuk kenduko dituztela. Eta ez du zerikusirik pen­tsioekin.

Datu interesgarri batzuk

PRODIa programa berezi bat da, langabezia prestazioak bukatu dituen jendeari bideratuta dagoena. Gehienez sei hilabetean jaso daiteke laguntza hau eta pertsona berak ezin du bi aldiz jaso. Programan parte hartzeko baldintza batzuk bete behar dira. Esan beharra dago, baldin­tzak gogortzen joan direla etengabe. Hauek dira betebehar horietako batzuk:

Langabezia prestazioa bukatuta edukitzea, eta beste laguntza sozialik ez izatea.
65 urte baino gutxiago izatea. 30 eta 45 urte artekoa bada, karga familiarrak izatea.
Etxeko diru-sarrerak (gurasoekin bizi bada, bikotearekin, seme-alabekin…) zati etxeko pertsonak, ez iristea 480 eurora.

PRODIa Hernanin
Hernanin PRODIa zenbat jendek jasotzen duen jakitea oso zaila omen da. Sei hilabeteko laguntza puntuala denez, etengabe kopurua aldatzen doa. Batzuk sei hilabeteren ondoren programa utzi behar dutelako eta jende berria ere sartzen delako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!