Globalizazioak ekarri omen du liztor asiatikoa Europara. «Bestela, ez zen inoiz iritsiko. Ez liztor hau bakarrik, baita landare edo animalia gehiago ere; orain sartzen ari dira. Adibidez, aurkitu berri dugu Agiñagan, beste liztor inbasore bat, arriskurik ez daukana, Sceliphron curvatum; munduaren beste muturreko liztor bat da, Vespa velutina bezala, eta esanguratsua da hona orain iristea. Europa osoan zabaldu da, eta Euskal Herrian lehenengo aldiz aurkitu dugu». Arrazoi bategatik edo bestegatik, kontua da, liztorra hemen dagoela, eta etxean bezala aurkitzen dela, klima honetan: «han ere leku menditsuetan bizi da, baso eta hezetasun asko daukan lekuan. Paraje hau paregabea du bizitzeko».
Neguan, kabiak bistan
Negua iritsi denean hasi dira liztor kabiak aurkitzen. Orain agerian geratu dira, baina liztorra ez da orain iritsi, lehengo urtean baizik. Arbolan egiten du kabia, eta, osto-artean tapatuta egon dira, jendearen bistatik urruti. Kabi horiek hutsak daude, eta berriak egiten ekaina-uztailean hasiko dira erreginak.
Erreginek, bakar-bakarrik egiten dute kabiaren hasiera. Zelulosa edo paperezkoa egiten dute (hemengo liztorrek bezala), eta lehenengo generazioa hortik jaiotzen da. Haiek jarraituko dute kabia egiten (70 cm luze eta 55 cm zabaleko pelota bat osatu arte). Erreginak arrautzak jarriko ditu 10.000 exagono txikietan (erleak bezalako exagonoak egiten ditu liztorrak; haundiagoak).
3 aldiz haundiagoa
Liztorra etsai gogorra du erleak, eta ez da gutxiagorako: hiru aldiz haundiagoa da (hemengo liztorra bezala), eta pintza indartsuak ditu aurrean (bi zati egiten du erlea horiekin). «Erleak etsai gogorra dauka aurrean. Ez dakigu nola erreakzionatuko duen. Erleak bi modutara jokatzen du. Batetik, informazio genetiko izugarria dauka: historian zehar tankerako arazoren bat izan badu, berriz berdin jokatuko du. Bestela, erremedioa bilatzen saiatuko da. Frantziakoak ari dira erreakzionatzen».
Hernaniko 300 erlauntzak arriskuan
Tranpak jarrita, eta erlearen erreakzioaren zain, erlazainak kezkatuta daude aurten zer gertatu behar duen. Hernanin, 14 erlazain badira, eta gutxi edo gehiago, 300 erlauntza inguru izango dira (erlauntza bakoitzak 50.000 edo 80.000 erle izan ditzake). Naparralden, Aparrainen, Uxokoerrekan, Epelen, Osiñagan, Akarregin, Jauregin... Polinizazioa erleek egiten dute, neurri haundi batean, eta beraz, epe ertainean, uzta eta produkzioetan antzeman liteke, etsai berriaren eragina.
Liztor hiltzailea
(Vespa velutina nigritorax)
Jatorria: Asia (India, Indonesia, eta Txina).
Generoa: Vespidae,
liztor haundia.
Tamaina handiena: 3 cm langileek eta 5 cm erreginak.
Itxura: beltza, ertz hori-laranjak. Hanka muturrak horiak. Aurrean bi pintza indartsu. Eztena, 6 mm-koa.
Abitata: leku menditsuak, baso eta hezetasun haundiko lekuak.
Kabia: lurretik 15 metrora egiten du, zelulosazkoa. 70 cm luze, 55 cm zabal. 10.000 liztor kabitzen dira.
Janaria: frutetako glukosa eta erleak ematen dizkiete kumeei.
Liztor alfareroa, arriskurik gabeko liztor kanpotarra
Liztor alfareroa ‘ontzigilea’, Sceliphron curvatum aurkitu du Julian Urkiolak Agiñagan, bere lurrezko kabi eta guzti. Espezie hau inbasorea da, ez da bertakoa, eta Euskal Herrian ez dute beste inon aurkitu. Egur zerra edo zerrategi baten ondoan aurkitu zuen Urkiolak. ‘Inbasorea’ da, Europako lurralde asko konkistatu dituelako, baina ez dirudi bestelako arriskurik duenik. Lurrez egiten ditu kabiak, 25 mm ingurukoak, lurrezko-ontzi itxurakoak; hortik bere izena. Armiarma hilak sartzen ditu ontzi barruan, kumeentzat jatena. Izatez, Asiakoa da (Kazajistan, Tayikistan, Kirguisia, Uzbekistan, Afganistan ekia, Pakistan, India eta Nepaleko iparrak). Europa osoa konkistatu eta gero, 1999an, Gironan aurkitu zuten, ustez pirineoetatik sartuta; geroztik, Aragon, Avila, Soria, Teruel, Valladolid, Burgos, Guadalajara, Madril eta Segovian aurkitu dute. Orain, Gipuzkoan.