Abiadura Haundiko Trenaren obrak hasi dira. Andoain-Urnieta eta Urnieta-Hernani eremuetako obrei hasiera ematen dieten lehen harria atzo jarri zuen Andoianen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburua den Iñaki Arriolak. Azaldu zuenez, atzoko ekitaldiarekin «agerian uzten da Euskal Y-a pausoak ematen ari dela Gipuzkoa ipar-mendebaldean, Donostiatik eta Frantziatik gertuen dagoen zatian hain zuzen».
Urnietatik Hernanira,
5.250 metro
Atzo hasitako obrak, Urnietatik Hernanirainoko eremua hartzen duenak 5,520 metroko luzeera du. Arriolak azaldu zuenez: «hasierako zatiak 25 metroko zabalera du, aire librean, eta 2.157 metroko luzeera; ondoren, Urnietako tunel faltsuan sartuko da. Tunel horrek, hain zuzen, 498 metroko luzeera izango du. Tunelak gainera, 1.080 metro izango dituen larrialdietarako bi galeria izango ditu».
Tunela gaindituta eta berriz ere aire librera aterata, Abiadura Haundiko Trenaren trazatuak Ubango erretena gurutzatuko du, 163 metroko luzeera izango duen zubiaren gainetik. Zubi honen gainean hain zuzen sartuko da Hernaniko udalerrira.
Eusko Jaurlaritzako ordezkariak adierazi zuenez, trenaren trazatuak trintxeran dagoen zati batekin jarraituko du Errotarango tunelera iritsi aurretik: «Errotarango tunel faltsuak 185 metroko luzeera izango du».
Tunel faltsutik aterata, trenak Urumea ibaiaren gainean eraikiko den zubitik jarraituko du, 801 metro izango dituen zubitik. Zubi hau izango da eremuko luzeena, eta Ibarluze industrigunea eta Altzuetako sagardotegiaren inguruak gurutzatuko ditu gainetik.
Zubia pasata, trena beste tunel baten barruan sartuko da, kasu honetan 769 metrokoa. Zubi honen ertza Urumeako autobiaren azpitik pasako da. Sailburuak azaldu zuenez, «Urumeako autobiaren azpitik igarotzeko kaxoi egitura batekin lotuko da».
Gipuzkoako hamaika eremuetan ari dira lanean
Atzoko agerraldian adierazi zuten AHTa Gipuzkoako hamaika eremuetan hasi direla eraikitzen: Bergara-Antzuola; Antzuola-Ezkio Itsaso Mendebaldea; Ezkio-Beasain; Beasian-Mendebaldea; Beasain ekialdea; Ordizia-Itsasondo; Legorreta; Tolosa; Tolosa-Hernialde; Andoain-Urnieta; eta Urnieta-Hernani.