«Edukazio gehiago behar dugu eta higienismo autoritario gutxiago»

Kronika - Erredakzioa 2011ko ots. 11a, 01:00

«Gizatasun gehiago behar dugu eta buru­tazio gutxiago. Edukazio gehiago eta higienismo autoritario gu­txiago», hala dio Hamai­kabat alderdiak Animaliei buruzko ordenantza berriaren inguruan. Ordenantza berri honi hasierako onarpena eman zion Plenoak otsailaren 2an. Bertan biltzen da, besteak beste, txakurrei dagokienean, Udal erre­gistroan txakurraren DNA (ADN) analisia ere jasoko dutela, orain arteko da­tuez gain. Eta Udaltzainek espazio publikoan bildu ga­be­ko kaken lagin bat jaso beharko dute eta identifika­tzeko azterketa egin eta gero, dagokion txakurraren jabeari prozedura irekiko zaio. Uda­laren helburua da jabeek be­ren txakurren kakak jasotzea.
«ANVren Gobernuak kontuan izan ez duena da, Hernanin erregistratuta   ez dauden txakurrek kaka egin ahal izango dutela euren jabeek inongo zigorrik jaso gabe. Horrez gain, ez dira ohartu Udaltzainek beren lanorduen zati haundi bat kalean topa­tzen dituzten txakur kaken laginak har­tzen pasako dutela. Horrek seguruenik eragingo du polizian sail bat sortzea horretarako bakarrik.
Eta gainera, aintzakotzat ez dute hartu erregistratu gabeko txakurren DNA frogen kostua, hernanir guztion diruarekin ordainduko dela (bakoitzak 400 euro inguruko kostua du)», azpimarratu du Hamaikabatek.

«Oraindik aukera dago astakeria hau zuzentzeko»
Ordenantza berriari hasierako onarpena eman zaio eta hilabete osoan zuzenketak aurkezteko aukera dago. Hori horrela, alde ona eta txarra daudela dio Hamaikabatek: «Alde txarra da, alderdi guztiek babestu dutela Hamai­kabatek izan ezik. Alde ona: oraindik ez dela behin betiko onartu. Beraz, oraindik aukera dago astakeria hau zuzentzeko. Eta espero dezagun tramitazioak iraun bitartean zentzutasuna nagusitzea».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!