Erleak hil, kumeei emateko

Kronika - Erredakzioa 2011ko ots. 12a, 01:00

Erlazainek arazo berri bat dute: liztor asiatikoa, erle-hiltzailea. Erlauntza osoak galdu dira Frantzian, eta Hego Euskal Herrira iritsi da. 8 kabi detektatu dira Nafarroa iparrean;  beste 14 kabi, Gipuzkoako ekialdean. Horietako bat, Hernanin. 2010ean iritsi zen Gipuzkoara. Udaberrian mugitzen hasiko da berriz, hibernatzen egon baita neguan. Erla-zainak tranpak prestatzen ari dira, orain gera­tzen ez badute, zail izango baita geldiaraztea.

«Erlea erdibi egiten du. Hankekin heldu, eta aurreko bi pintzekin zatitzen du, gero kumeei emateko». Julian Ur­kio­la Epelen bizi den usurbildarrak azaldu dizkio xehetasunak Herna­ni­ko Kronikari. Urkiola, Gipuz­koako Erla­zainen Elkarteko lehendakaria da. Erleari bu­ruz gehientsuena dakienetako bat izango da Urkiola, eta buru-belarri ari da, liztor asiatikoa geldituarazteko bi­deak bilatzen.


Hernanira iritsi da
Gipuzkoara iaz iritsi zen. 14 liztor kabi aurkitu dituzte Gipuzkoa ekialdean. Herna­nin, Portu inguruan bota dute bat. Lasarte-Orian, 17 metroko alturan bilatu zuten beste bat. Agi­ñagan, Urnietan, Irunen... Bi­da­soa, Oarso, Donostia ingurura iritsi da, oraingoz, eta Nafarroan, Bortziriak eta Baztan ingururaino. Ez di­rudi hortik pasa denik. Piri­neoak gainditu ditu, 6 urte eta gero. 2004an iritsi zen Frantziara, Bordele ingurura, eta hegoalde osoa kolonizatu du, ordutik. Fran­tzian gogor saiatu dira, baina erremediorik ez dute bilatu.


Erlauntza ‘setiatzen’ dute
Liztor asiatikoak erle-hiltzaileak dira. Erleak airean harrapatzen dituzte, polenez karga-karga eginda datozenean, erlauntzara sartu baino lehen. Bi zati egin, eztena eta benenoa apartatu, eta kumeei eramaten dizkiete. Erlauntza baten aurrean 30 liztor jartzen badira, erleak ez dira atera­tzen, bildurrez. On­dorioz, er­laun­tzako probisioak bu­ka­tzen zaizkie, eta goseak hil­tzen dira. «Erlaun­tza setiatu egiten dutela esan liteke. Erleak ez dira atera­tzen, eta goseak hiltzen dira». Gero, barrura sartu, kumeak hartu, eta euren kabira eramango dituzte. Kalteak izugarriak dira erlazainentzat. Frantzian er­launtza osoak galdu dira, eta beste asko erdira etorri. Erleak nola jokatuko du? Ez dakite erleak nola jokatuko duen. 40 miloi urteko historia du erleak, eta beti aurrera atera izan da. Baina erlazainek ez dakite noiz eta nola erremediatuko duten erleek arazo hau. «Badakigu, asiako erleak aurre egiten diola liztorrari. Defentsa metodoak garatu dituzte. Liztorrari banaka eraso beharrean, taldeka erasotzen diote; 100 erle, liztor baten kontra. Lurrera bota­tzen dute, eta 45º-ko beroa sortzen dute hegoei eraginez. Liztorra ito egiten da». Badirudi, Frantzian dagoeneko, erleak jokaera hori bera hartzen ari direla. Hemengo erleak nola jokatuko duen, ez dakite, oraingoz.


Erremedioa, liztorra ondo ezagutzea
5.000 liztor klase baino ge­hiago daude munduan. Liztor asiatikoa edo erle-hiltzailea da horietako bat. Vespa velutina nigritorax du izen zientifikoa. Hemengo Vespa crabro liztorra adinakoa da, 4-5 cm-koa, eta joera berdintsuak ditu. Txina, India, eta Indonesiakoa da Vespa velutina. Liztorrak nola jokatzen duen ezagututa, erremedioa bilatu litekeela uste dute erlazainek.


Liztor guztiak hil egiten dira, erreginak izan ezik
Liztor kabi batetik 10.000 liztor berri jaioko dira urtero. Ne­guan, denak hil egingo dira, eta erreginek bakarrik iraungo dute hurrengo udaberrira arte. Kabi bakoitzetik 10 erregina atera­tzen dira. Horregatik, suposa­tzekoa da, Gipuzkoan 140 erregina inguru egongo direla, nonbait, lurrean edo enbor-zuloren batean, edo kabi zaharrean, negua pasa­tzen.


«Erreginen arteko borroka, laister hasiko da»
Udaberria ateetan dugu, eta erreginak laister esnatuko dira neguko lo-zorrotik. «Sahatsa loratu da; urritza ere bai, San Jose loreak, txikori-belarrak... mugitu dira. Liztorrak laister esnatuko dira. Esnatu, eta lehenengo, beren arteko bo­rroka hasiko dute, lurralde bat harrapatzeko. Hamarretik bik edo hiruk egingo dute aurrera, eta kabi berriak egiten hasiko dira. Hor jo behar dugu euren kontra», dio Julian Urkiolak.


Kabiak detektatu, GPS bidez markatu, eta tranpa onak jarri
Erlazainek diote, erreginak kabi zaharraren inguruan egongo direla hibernatzen. Horregatik, kabiak GPS bidez markatuko dituzte, lehenengo. Gero, tranpak jarriko dizkiete inguruan, eta inguruko er­laun­tzetan. Eta saiatuko dira erregina guztiak harrapatzen, gero beranduegi izan litekeelako. Tranpa horiek oso sinpleak dira, oraingoz. Erlazai­nek Insalus botilekin egin di­tuzte tranpak: «Inbutu bat egin behar zaio. Sartu dadila, baina atera ez. Barrura sartzeko, ontzi barruan zerbeza, glukosa edo horrelako zerbait jartzen zaie». Etxean egindako tranpa horiek arazo bat dutela dio Urkiolak, «liztorrak sar­tzen dira, baina erleak ere bai, eta baita beste zomorroak ere. Selektiboagoa behar dugu». Horregatik, Diputazioari eskatu diote, tranpa selektiboagoa prestatzeko, liztorra ba­ka­rrik harrapatzeko. Hilabete gutxi barru hasiko da beraz, liztorren kontrako gerra.

Hiltzaileari, tranpa
Liztorra harrapatzeko tranpak eginak dituzte dagoeneko hemengo erlazainek. Iaz jarri zituzten proban. Barruan zerbeza, glukosa, edo tankerakoak bota, eta liztorra hara sartzen da. ‘Inbutu’ moduko bat egiten diote, sartu ahal izateko, baina atera ez. Eta barruan hiltzen dira. Arazo bat du: erleak eta bestelako zomorroak ere sartzen direla. Horregatik, tranpa selektiboagoak eskatu diz­kiote Gipuzkoako Diputazioari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!